http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

“Jazz uhinak hirian barrena” programaren XII. edizioak zazpi kontzertu eskainiko ditu

Azaroaren 22an hasiko da, Udal Musika Eskolaren 25. urteurrena ospatzeko ekitaldi batekin

I.AGOTE

Jazzaldia elkarteak Udalaren Hezkuntza Zerbitzuaren laguntzarekin antolatzen duen “Jazz uhinak hirian barrena” programaren XII. edizioak bi berrikuntza ekarriko ditu: batetik, zazpi kontzertu eskainiko ditu, hau da, ohi baino bat gehiago; bestetik, Antoni Juan Pastorrek idatzitako “Juan Carlos Cifuentes, una vida de jazz, una vida de swing” liburua aurkeztuko da.

Azaroaren 22an hasiko da programa, Jorge Reyes Quartet taldearen kontzertuarekin, Luis Aranburu Musika Eskolaren 25. urteurrena ospatzeko jardueren barruan.

Bigarren kontzertua Susan Santosek emango du, abenduaren 19an, eta hirugarrena, Arabako Abesbatzen Federazioaren barruan sortutako Joyful Gospel Choir abesbatzak, urtarrilaren 23an; kontzertu hori CDan grabatuko da, eta salmentan jasotakoa hiriko GKE bati emango zaio.

Laugarren kontzertua otsailaren 20an izango da, Puri Santamaría Proyect Brasil taldearen eskutik. Martxoaren 20an, Udal Musika Eskolako eta Jesús Guridi kontserbatorioko konboek joko dute, eta apirilaren 17an, eskolako Big Bandak, Jesús Guridi kontserbatorioko kideekin batera; kontzertu horretan, ohorezko makila emango zaio Antonio Muñoz Molina idazleari.

Jorge Abadías, Laly Rodríguez eta Arturo Blascok eskainiko dute azken kontzertua, maiatzaren 15ean.

Ohi bezala, entzunaldiak Gasteizko Jesús Guridi kontserbatorioko areto nagusian izango dira, 19:00etan, eta 90 minutu iraungo dute. Sarrera doakoa da, lekuak bete arte.

Musika Adierazpena Programa

“Jazz uhinak hirian barrena” programa Hezkuntza Zerbitzuaren Musika Adierazpenaren Programaren barruan sartzen da, “Klasedun musika” atalean, eta zerbitzu horrek Gasteiz hiri hezitzaile —hots, hezkuntza baliabide— bihurtzeko duen filosofiaren isla da.

Izan ere, programatik 79 ikastetxetako 20.000 ikasletik gora igaroko dira aurten (Haur Hezkuntzako 4.800, Lehen Hezkuntzako 11.300 eta Bigarren Hezkuntzako 4.600), eta Udalak 90.000 euro jarriko ditu.

Fotos

Vídeos