http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Javier Aizpurua fisikari euskalduna, munduko ikertzaile aipatuenen zerrendan

Javier Aizpurua ikertzailea./Europa Press
Javier Aizpurua ikertzailea. / Europa Press

Clarivate Analytics erakundeak, mundu mailako zientzia aldizkarien analisia eta bildumarako konpainia liderrak, argitaratu berri du bere izena zerrenda ofizialean

Jan Echevarría
JAN ECHEVARRÍA

Gure ikertzaileen garrantzia mundu mailan etengabe hazi da azken denboraldian. Horrela, aurreko astean Ángel Rubio EHUko katedradunak Alemaniako Fisika Elkartearen sari nagusia jaso zuen bitartean, astearte honetan jakin dugu Javier Aizpurua, Materialen Fisika Zentroko zuzendaria (UPV/EHU-CSIC) eta Donostia International Physics Centerreko (DIPC) nanofotonikako teoria taldeko burua, munduko ikertzaile aipatuenen artean azaldu dela. Clarivate Analytics erakundeak, mundu mailako zientzia aldizkarien analisia eta bildumarako konpainia liderrak, argitaratu berri du bere izena zerrenda ofizialean eta gure protagonista «pozik eta hunkituta» azaldu da aintzatespen horrengatik.

Ikertzaile baten ibilbide zientifikoa baloratzean, argitalpenen kopuruaz eta haien kalitateaz gain, bere ekarpenen garrantzia eta norainokoak ezagutzea ezinbestekoa dela adierazi dute Materialen Fisika Zentroko iturriek. Aztertutako lanak komunitate zientifikoan izan duen eragina neurtu behar da. Hots, beste ikerketa batzuen inspirazio edo erreferente izan den. «Zentzu honetan, nazioarteko zerrenda ofizial honetan azaltzea, zalantzarik gabe, ohore bat eta ikerketa mailaren bikaintasunaren adierazgarri da», nabarmendu dute.

Baina zenbat ikertzaile izaten ditu kontuan aipatutako zerrendak? Mundu osoko 3.300 ikertzailek osatzen dute Clarivate Analytics erakundearen lista hori, 21 ikerketa arlotan banatuta. Dena den, Aizpuruaren argia eta nanomaterialen arteko elkarrekintza aztergai duen ikerketaren inguruko artikuluak 15.000 alditan aipatu izan dira, eta 17 argitalpen 'top' bezala goraipatu dituztenez, aurtengo zerrendan lehenengo aldiz sartzea erabaki dute. Aizpuruaz aparte, biomaGUNE ikerketa zentroko Luis Liz-Marzan agertzen da zerrendan ere bai. Hauek biak dira zerrendan agertzen diren eta Euskal Herrian lanean dirauten ikerlari bakarrak.

«Nire ikerketa taldearen lan sendoaren ondorioa da»

Duela bi hamarkada baino gehiagoz, Web of Science zientzia arloko datu baseak zientzia esparruan urtean argitaratzen diren 2.000.000 artikuluen bilduma lanak egin ditu. Clarivate Analytics konpainiak datu base horretatik ateratzen ditu zerrenda osatzeko behar dituen ikertzaileen emaitzak.

Javier Aizpurua 'sari' hau bere ikerketa taldearen eta kolaboratzaileen lan sendoaren «ondorioa» dela gogoratu du, eta Materialen Fisika Zentroaren eta DIPCren bikaintasunaren eta nazioarteko izaeraren adierazgarri dela nabarmendu.

Aizpuruak bere ikerketa taldearen jarduera zuzentzen du eta Materialen Fisika Zentroaren zuzendaritza zientifikoa dauka bere kargu. Zentroa Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) eta Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Gorena (CSIC) arteko zentro mixtoa da, eta Eusko Jaurlaritzak BERC (Basic Excellence Research Center) bikaintasun zentro bezala goraipatu du. Aizpuruak lortutakoa ikusita, inork ez du hori zalantzan jarriko.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos