http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Jaurlaritzak 234.000 euro erabiliko ditu euskal etxeei laguntzeko

Idahon dagoen euskal etxea.
Idahon dagoen euskal etxea. / E. C.

Diru laguntzak euskara bultzatzeko helburua dauka

ELCORREO.COM

Eusko Jaurlaritzako gobernu bilerak 234.000 euroko aurrekontu saila onartu du aste honetan euskal etxeei diru laguntzak emateko euskara irakats dezaten. HABE erakundeak bideratutako deialdiari esker, euskal etxeek euskara ikastaroak eskainiko dituzte, 2017ko urritik 2018ko irailera, 'Euskara munduan' programaren barnean.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren menpe dagoen HABEk bere egitekoen artean dauka diasporako euskal etxeetan euskara ikasteko jarduerak sustatzea. Horiek horrela, hiru arlo ezberdinetan egiten du lan deialdi honi esker. Alde batetik, irakasleen prestakuntza aritzen da, eta euskararen irakaskuntza euskal etxeetan eten ez dadin, plan ezberdinak burutzen dira giza baliabideak sustatzeko. Europan, Ipar Amerikan eta Hego Amerikan badira irakasleen gaitasuna trebatzeko hiru plan ezberdin.

Beste alde batetik, euskararen irakaskuntza egokia izan dadin, diru laguntzen zati bat ikas-materialak erosten laguntzera bideratzen da. Boga on line programa, Aisa oinarrizko mailetako ikasleentzako programa, Ikasbil ataleko materialak edota aurrez aurre erabiltzeko materialak ikaslearen esku jartzen dira programa honen bidez. Azkenik, aurrekontu sailaren parte bat eskolak babestera bideratzen da.

HABEk 31 hitzarmen ditu mundu osoko 28 euskal etxe eta hiru federakuntzarekin. Horiei esker, 75-80 bat euskal etxetan ematen dira eskolak urtero (guztira, 190 euskal etxe daude munduan) eta, gaur egun, 2.000 ikasle heldu baino gehiago ari da euskara ikasten programa honen barruan. 'Argentinan Euskaraz' plana 1989an jarri zen martxan, eta handik hamar urtera 'Euskara munduan' proiektua sortu zen. Proiektu honi esker, euskara mundu zabalean ikas daiteke gaur egun.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos