http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Jaurlaritzak 200.000 euro banatuko ditu udalek hirigintza planetan genero perspektiba sar dezaten

Jaurlaritzak 200.000 euro banatuko ditu udalek hirigintza planetan genero perspektiba sar dezaten
Borja Agudo

Gizon eta emakumeen berdintasuna bermatu nahi da lurraldeko baliabideak eta ekipamenduak eskuratzeko orduan

ELCORREO.COM

Hirigintza inklusiboari buruzko diru laguntzen deialdi bat onartu du aste honetan Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak proposatuta. Udalen hirigintza planetan genero perspektiba gehitzea da helburua. Halaber, gizon eta emakumeen berdintasuna bermatu nahi da lurraldeko baliabideak eta ekipamenduak eskuratzeko orduan, bai eta espazio publikoetan emakumeen segurtasuna handitu ere. Diru laguntzak udalei zuzenduta daude eta guztira 200.000 euro banatuko dira.

Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburuak azaldu duenez, udalen hirigintza planetan genero perspektibaren integrazio eraginkorra sustatu nahi da, lehentasunezko ekintzako lau arlotan (lurraldearen antolamenduan eta hirigintzan, mugikortasun iraunkorrean, landa ingurunean eta gobernantzan), ekintza estrategikoak garatuz.

«Pertsonek premia desberdinak dituzte eta modu desberdinean erlazionatzen dira lurraldearekin eta hiri eta landa espazioarekin, beren eguneroko bizitzan hartzen dituzten genero rolak direla bide», azaldu du sailburuak. Ildo horretan, egiaztatu da genero desberdintasunak daudela ekipamenduak eta zerbitzuak erabiltzeko premietan zein horiek eskuratzean. Horregatik, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren ustez, hirien diseinuan genero perspektiba gehitzea «funtsezko tresna» da gizonei eta emakumeei baliabide guztiak baldintza berdintasunean eskuratzea bermatzeko.

Neurriak

Horrela, jarduketa esparruetan detektatutako desberdintasunak ikusita, neurri zehatzak hartzeko premia sortu da, besteak beste, espazio publikoan emakumeen segurtasuna hobetzeko, puntu beltzak ezabatuta eta eraikin eta hiri espazio berriak modu argian diseinatuta; etxeko lana egitea eta pertsonak zaintzea errazteko eta norberaren, familiako eta laneko bizitza bateratzeko, 'zaintzaren hirigintza' bat sustatuta; mugikortasun planetan gizonek eta emakumeek egiten duten garraio publikoaren erabilera desberdina jasotzeko, kontuan hartuta emakumeak direla haren erabiltzaile nagusiak, arrazoi gehiagorengatik egiten dituztela bidaiak, bidaia gehiago kateatzen dituztela eta ibilgailu pribatua eskuratzeko aukera gutxiago dutela.

Halaber, neurriak hartuko dira ekipamenduak etxebizitzetara hurbiltzeko, ekonomia eta bizitegi jarduerako erabilera mistokoespazioak diseinatuta eta joan-etorrietako denborak laburtuta, eta emakumeen parte hartze handiagoa sustatzeko herritarren partaidetza prozesuetan eta hirigintza plangintza horiek diseinatzeko eta gauzatzeko taldeetan.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos