http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Jaiotzazaletasunaren hiriburu bihurtuko da Gasteiz datorren zubian

SERGIO EGUÍA

Urriko zubian jaiotzazaleen hiriburu bihurtuko da Gasteiz, Jaiotzazaleen Biltzar Nazionalak Euskadiko hiriburua aukeratu baitu urteroko topaketarako. Ekitaldi horren inguruko jarduerak aurkeztu dituzte gaur Gorka Urtaran alkateak eta Arabako jaiotzazaleen elkarteko lehendari Iñigo Bastidak.

300 biltzarkide, laguntzaile eta bisitari-kreditatu inguru etorriko dira Gasteizera, eta guztiak hiriko ostalaritza-establezimenduan geratuko dira biltzarrak iraungo dituen lau egunetan.

Gorka Urtaran alkateak eskerrak eman dizkie beren beregi Arabako Jaiotzazaleen Elkarteak koordinatuta ekitaldi hau antolatzen eskuzabaltasunez parte hartu duten Gasteizko eta Arabako elkarte jaiotzazaleei: “Belén de Laguardia” elkartea , Burguko Gorosti Taldea, Gotzaindegiko Francisco de Asís Fundazioa eta Andre Maria Zuriaren Kofradia. ” Gure hirian oso errotuta dago jaiotzazaletasuna, haurtzaroko oroitzapenetan oso barneratua dugu Floridako jaiotza, segur aski, munduko onena jaiotza monumentalei dagokienez. Nork ez du Karmengo elizako jaiotza-erakusketa zoragarria bisitatu!. Ekitaldi honekin zabaltzen duzuen Gasteizen irudia balore kultural eta tradizionalei lotutakoa da, hunkitu egiten duten baloreak dituen hiriarena, balio neurtezinekoa” adierazi du Gorka Urtaranek.

Hainbat jarduera nabarmentzen dira egun horietarako biltzarreko agendan. Biltzarreko ohiko topaketa eta mahai-inguruez gain, jardunaldiek gasteiztarrei eta zubian Gasteizera etorriko diren bisitariei irekitako hainbat proposamen eskaintzen dituzte. Esaterako, irudigileen erakusketa, Goiurin, ostiraletik igandera bitartean, 10:3oetik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara (igandean goizez bakarrik).

Bisitariek Floridako jaiotza monumentalaren ahalmena ezagutu ahalko dute, harpearen sarreran Jesus haurtxoaren jaiotzaren misterioa jarriko baita. Biltzarraren egunetan, Jesus haurtxoaren, Ama Birjinaren eta San Joseren irudiak jarriko ditu udalak harpearen sarreran.

Hainbat elizatan -Karmengo elizan, Aingeruen Andre Mariaren elizan eta San Frantzisko elizan –, Farolen Museoan eta Arabako Jaiotzazaleen elkartearen jaiotzak jarriko dira ikusgai, baita Arabako Lautadako beste zenbait gunetan ere. Azken hauen artean, Gasteiztik oso hurbil dagoen Burgu udalerriko garai bateko Arbuluko elizakoa nabarmendu behar da, jaiotzei buruzko museoa bihurtua.

Arabako Jaiotzazaleen Elkartearen lehendakari Iñigo Bastidak nabarmendu duenez, “gure jarduerak Gasteizen turismoa sustatzeko baloi izatea nahi dugu, etorriko diren ia 300 pertsonek gure hiriaren eta probintziaren onurak ahoz aho zabal ditzatela“.

Jaiotza ebakigarria, Andre Maria Kofradiari oroigarria eta bisitak Araban zehar

Jardueren artean azpimarragarria da Joaquin Jimenezek emango duen “Tradiciones navideñas alavesas” hitzaldia, non Araban Eguberriekin lotuta ditugun ondare eta ohiturak ezagutzera emango baititu.

Jaiotzazaletasunaren urteko sariak ere banatuko dira, horien artean jaiotza-ebakigarrien diseinu-lehiaketaren irabazlea nabarmentzen da. Irabazlea Floridako kioskoan girotu da eta 100.000 ale banatuko dira Estatuan.

Bestalde, Jaiotzazaleen Federazioak gure hiriko patroiari egindako oroigarria banatuko zaio Andre Maria kofradiari, berak gorde dezan.

Jaiotzekin zerikusia duten bitxiak gordetzen dituzten inguruko hirietara ere joango dira biltzarkideak, esaterako Guardiara, non mugimendua duen jaiotza barrokoa martxan jarriko den. Jaiotza hori autoktonoa da, XVIII. mendekoa (1.749. urtekoa). Orobat bisitatuko dituzte Gesaltza-Añanako Gatz Harana eta hortik oso hurbil dagoen Akreko Done Juan monasterio tenplarioa.

65.000 jaiotzazale Estatuan eta 1,2 milioi nazioarteko federazioan

Araban 120 jaiotzazale daude federatuta, gehienez Arabako Jaiotzazaleen Elkartean bilduta.

Elkarte horrek Miranda de Ebron eta Arrasaten elkarteak sortzea sustatu eta lortu du. Arabako Elkartea 1988tik da Estatuko federazioko kide (78 elkarte eta 65.000 pertsona biltzen ditu) eta lehendakari 2010etik. Jaiotzazaleen Nazioarteko Federazioak 1.200.000 kide mugitzen ditu.

Biltzarreko kartela

Nabarmentzekoa da biltzarraren kartel ofiziala bera; Peli Fernández de Romarateguik 95 urterekin Asisko San Frantziskorengan inspiratuta egindako mosaikoa, hain zuzen ere. Fernandez de Romarategui misiolaria eta elkarteko kiderik beteranoena da. Gasteiztar askorentzat ezezaguna den artista honek Urikolako basilika eta Ekuadorreko Manabi kantoiko hainbat eliza dekoratu ditu, besteak beste.

Fotos

Vídeos