http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

'Izar-Estrella' antzezlanaren erabateko estreinaldia Arriaga Antzokian

'Izar-Estrella' antzezlanaren erabateko estreinaldia Arriaga Antzokian

Datorren abenduaren 28tik 30ra bitartean familia osoak gozatzeko antzerkia ikusgai izango da hiriburuan

IZASKUN MOYANO

Urte osoan zehar hainbat obra eta ikuskizun bikain hartu ditu Arriaga Antzokian, eta 2017ari agur esateko lan bikaina aukeratu du. Marie de Jonghen konpainiaren eskutik 'Izar-Estrella' izango da antzokian ikusgai. Jokin Oregik zuzendutako lana 'Amour' aurreko obraren ondorengoa da. Adin guztietako jendeak ikusteko egokia zen obra hark hainbat sari jaso zituen. Besteak beste, MAX 2017 saria, FETEN 2016, eta baita ERCILLA 2015 ere.

Abenduaren 28an estreinatu eta 30a bitartean ikusteko aukera izango den obra berriak aurreko ikuskizunaren ildoa jarraitzen du, keinuen bidez komedia eta emoziozko istoria kontatuz. Eszenografia eta jantziek Elisa Sanzen ukitu pertsonala dute, eta eszenatoki gainean Anduriña Zurutuza, Javier Renobales, Ana Meabe eta Ana Martinez izango dira nagusi. 'Amour'-en bezala, maskarak erabiliko dituzte, Iñaki Salvadorrek idatzitako musika interpretatzeko.

Obrako protagonista Izar izeneko neskatila da. Sei urte eskas dituen neskato hauskorra den arren, dagoeneko ospe handiko piano-jole bihurtzeko bidean da. Gurasoek ezarri dioten diziplina zorrotzari esker, neskatilaren trebezia apartekoa da. Baina Izarrek ez du hazi nahi, pozarren bizi da bere haurtzaro distiratsuan. Baina bizitzak, ustekabeko labirinto emozionala ekarriko dio. Handik aterako bada beste izar baten gidaritza beharko du; ez baina edonolako izarra, itsas-izarra baizik.

Marie de Jongh konpainiak keinuetan oinarritutako ikuskizunak sortzen ditu; inolako elkarrizketarik gabeak. Kontakizun delikatu, hunkigarri eta zirraragarriek, nagusiek eta txikiek ezagutzen eta miresten duten zigilu propioa eman diote. Konpainiaren ikuskizunak Espainiako, Frantziako, Herbehereetako, Poloniako, Italiako, Portugalgo, Alemaniako eta Estatu Batuetako eszenatokietatik igaro dira.

Sarrerak dagoeneko salgai daude Arriaga Antzokiko webgunean eta baita txarteldegietan ere. Hauek 6,5 eta 18 euro artean kostatzen dute. Baina adinez txikientzako prezio bakarra dago: 8 euro, hain zuzen ere.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos