http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

ITUNAK

Txani Rodríguez
TXANI RODRÍGUEZ

Aurreko egunean irakurri nuen jaiotza-tasa gora egiteko itun handi bat bilatzen ari dela Eusko Jaurlaritza. Helburu zehatz hori lortzeko, eragile askok parte hartu beharko lukete. Ekimen kolegiatu horrek orgietan pentsatzera bultzatu ninduen -ez dakit zergatik egingo dituen nire buruak horrelako loturak-. Logikoki, laster aldendu nuen ideia. Orgia bat non eta geure Euskal Autonomia Erkidegoan! Ezinezkoa. Azkenik ulertu nuen orgiatik urrun dagoela Eusko Jaurlaritzaren kezka: hain baxua da hemengo jaiotze-tasa, ezen pentsioak kolokan daude.

Orain dela hilabete batzuk, Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak hurrengo datua eman zuen: «2026. urterako EAEn jaiotza kopurua ia %30 murriztuko dela aurreikusten da. Eta horrek esan nahi du %5,5 jaitsiko dela 18 urtez azpikoen kopurua». Beraz, jaiotze-tasaren joerak aldatu behar du. Oso balantza sinple eta ulergarria dugu geure aurrean: umeak jaiotzen ez badira, egun nerabe diren ametsak amets izaten jarraituko dute. Beraz, familia-politikak beharrezkoak dira. Begi-bistan dago, gaur egun ditugun bizi-baldintzak ez direla onenak amatasun edo aiatatasunaren erronkari aurre egiteko. Esaterako, modaz pasatutako pribilegio bat dirudi egonkortasunak. Baina lan-baldintzak duinak ez badira, familia bat aurrera ateratzeko egin behar diren ahaleginak epikaren eremuan kokatuko ditugu.

Gainera, nire belaunaldiko kideok eroso samar garela onartu behar dugu. Seme-alaba barik oso ondo bizi da bat, egia esan. Berrogei urte dauzkat nik, eta ez naiz ama izan. Testuingurua ez da onena izan, egia esan; baina arrazoi asko daude neure erabaki horren atzean. Zintzo izan behar dut neure buruarekin. Eusko Jaurlaritzak aurreratu duen itun handi hori oso garrantzitsua da. Seme-alabak eduki nahi izan dutenei laguntza eskaini behar diegu euren erabaki pribatu horiek dimentsio publikoa dutelako, ikusi dugunez. Baina itunik garrantzitsuena nork bere buruarekin egiten duena da; edo, ohiko kasuetan, nork bere bikotekidearekin sinatzen duena. Gero diru-laguntzak eta gobernuen egitasmoak datoz.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos