http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Zurekin

Itun Berdeko Enpresen VI. Topaketak kideen arteko negozioa sustatuko du

Orobat, B2B topaketa egingo da, eta hiriko enpresa iraunkorrentzako Itun Berdea III. sariak banatuko dira

I.AGOTE

Datorren ostegunerako, azaroak 9, Itun Berdeko Enpresen VI. Topaketa antolatu du Gasteizko Udalak. Europako Hiriburu Berdea dela eta 2012an sortutako ekimenak ingurumenarekin konprometitutako hiriko 225 enpresa biltzen ditu dagoeneko. Izendapena jaso izanaren bosgarren urteurrena betetzen den honetan, Itun Berdea osatzen duten enpresek elkar ezagutzea eta haien artean benetako negozioak sortzea da jardunaldiaren helburua, baita Gasteizko enpresa guztien artean ere, udalerrian ekonomia berdeak hazten jarraitu dezan sustatzearren, nazioartean iraunkortasun politikengatik aitortua baita. Horretarako, jardunaldiaren amaieran B2B topaketak (zuzeneko bilerak aldi berean) egingo dira enpresen artean.

“Itun Berdearen komunitateko enpresek elkar hobeto ezagut dezaten eta sinergia aberasgarriak sor daitezen lagundu nahi dugu. Gasteiz nazioarteko erreferentea da udalerri iraunkor gisa, eta Itun Berdearen bitartez gure industria-ehuna gero eta iraunkorragoa izan dadin nahi dugu, eta formula berriek —ekonomia soziala eta ekonomia zirkularra, esaterako— hazten jarrai dezaten, hartara gure BPGd partikularrari aberastasun handiagoa eta kalitateko lanpostuak ekarriko baitizkiote”, adierazi du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak.

B2B topaketan parte hartu nahi duten enpresek urriaren 31ra (asteartea) arte eman dezakete izena Itun Berdearen web-orrian.

Azaroaren 9ko jardunaldia Europa biltzar jauregian egingo da. Estatuko alorreko aditu nagusietako batek emango du hasierako hitzaldia: Alicia Torrego, Conama fundazioaren zuzendari kudeatzailea; fundazioak antolatzen du Ingurumenaren Biltzar Nazionala, zeinak 6.000 pertsonatik gora biltzen baititu bi urtean behin, etorkizuneko agertoki berdea diseinatzeko. Torregok La Gran Encrucijada liburua idatzi du beste batzuekin batera, zeinean klima-aldaketak sortu duen krisi ekosoziala eta erronka berriei aurre egiten asmatzen duten enpresentzat irekitzen diren aukera handiak aztertzen baitira.

Ekitaldira joan nahi dutenek udalaren web-orrian eman dezakete izena, doan. Lego lantegi batean ere esku hartuko dute, zeinean ingurumen sektoreak gaur egun aurre egin beharreko hiru erronkari irtenbidea ematen saiatuko baitira: gure saneamendu sareari eragiten dioten kutsatzaile berriak, lanera joateko mugikortasun iraunkorra, eta jatorrian bereiztea hondakinen birziklapena hobetzeko. Orobat, Green Capital marka erabiliz hiriko ingurumen sektorean negozio-bolumen handiago sortzen laguntzeko ideiak landuko dituzte. Aclima-Euskadiko ingurumen arloko industrien klusterraren laguntza berezia izango du lantegiak.

Itun Berdea III. sariak

Hirugarren urtez jarraian, ingurumen-jardunbide egokienak dituzten hiriko enpresentzako Itun Berdea sariak banatuko dira jardunaldian. Hiru arlotan banatzen dira: mikroenpresa, enpresa ertain eta txikia, eta enpresa handia. Aurten 20 enpresak 25 jardunbide egoki aurkeztu dituzte, eta azaroaren 9an ezagutaraziko da zeinek irabazi duten, hiriko rap-kantari ezagunetako baten eskutik: La Omega.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos