http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Itsutasunaz, gaur

Irudian, Facebook-eko sortzaile Mark Zuckerberg azalpenak ematen./
Irudian, Facebook-eko sortzaile Mark Zuckerberg azalpenak ematen.

Zigmunt Bauman pentsalariak Leonidas Donskisekin egin zituen elkarrizketetan aipatzen zuen «itsutasun morala» nabaritzen duela egungo gizartean

FELIX GERENABARRENA

Azken asteetan Facebook sare sozialak bi berri esanguratsu sorrarazi ditu. Alde batetik Willendorfeko Venus ezagunaren irudia ezabatu zuen erabiltzaile italiar baten profiletik, duela 25.000 urteko emakumezko baten gorputz biluziaren errepresentazioa delako. Bestalde, Cambridge Analytica konpainiari 50 milioi erabiltzaileren datuak onespenik gabe eman zizkion amerikar kanpainan erabili ahal izateko. Nahiz eta konpainiak, kasu bietan atzera egin duen eta barkamena eskatu duen, irudiaren debekua eta informazioaren mugagabeko hedapenak pentsarazten du bizi dugun garaiaren sintoma edo ezaugarria direla. Hain zuzen ere, Zigmunt Bauman pentsalariak Leonidas Donskisekin egin zituen elkarrizketetan aipatzen zuen «itsutasun morala» nabaritzen duela egungo gizartean. Itsutasun moral horren ezaugarri deigarriena da soraiotasuna eta kalteen neurria baloratzeko ezintasuna. Hau da, gaitza edo kaltegarria dena identifikatzeko gaitasuna galtzeko arriskuan gaudela diosku Baumanek. Itsutasunaren metaforak badu berezko historia bat mendebaldeko kulturan, batez ere ikusmenaren metaforak leku zentrala izan duelako filosofian, literaturan eta zinemagintzan. Beraz, itsutasuna errepresentazio bilakatu denean gizartearen ezbeharra edo krisialdia irudikatzeko erabili da.

Itsutasunaren errepresentazio indartsuenetako bat Ediporen istorioan aurkitu dezakegu. Albin Lesky historiagileak aipatzen zuen Sofoklesen 'Edipo, Errege' tragedian bi figura kontraesankorrak aurkezten direla. Alde batetik itsu fisikoa dago, Tiresias. Itsumena jasan behar duen arren, Ediporen egia ikusi dezake. Bestetik, Edipo erregea dugu, ikusmena izan arren bere bizitzaren giltzarriak ikusteko gai ez dena. Sofoklesen Edipok ikusmenaren kritika egiten du, errekonozimenduari begien aurrean dagoenari baino garrantzi handiagoa ematen diolako. Hau da, Edipok bere aita bidegurutze batean aurkitzen duenean ikusi egiten du, baina ez du errekonozitzen eta ondorioz, hil egiten du. Begien aurrean egoteaz gain, errekonozitu beharreko errealitatearen falta da Ediporen itsumena. Horregatik esan daiteke Sofoklesen Edipo geroago etorriko diren pertsonaia edipikoagoak (Freuden zentzuan) baino post-modernoagoa dela. Esate baterako Shakespeareren 'Macbeth' tragedian, etorkizuna iragartzen zaio pertsonaiari, baina hori ere ez da nahikoa bere jokabidea zuzentzeko. Odolaren usainak mugitzen du Macbeth, eta instintu horrek ezin du deskodifikatu hiru sorginengandik jasotzen duen mezu konplexua. Literalki interpretatzen duelako errealitatea, Macbethek ezin du gaitza saihestu.

Ahultasuna

Sofoklesen Edipok eta Shakespeareren Macbethek badute beren interpretazioetan kutsu antropologiko bat, gizakiaren abandonu eta ahultasuna azpimarratzen dituztelako. Saramagoren 'Ensaio sobre a cegueira' liburuan, ordea, bat-bateko itsutasun bereziak martxan jartzen du prozesu totalitarioa. Nahikoa da azalpenik gabeko singulartasuna munstroa elikatzeko. Egunerokotasunaren inertziak askatasunen bermak lurrera bota ditzakeela adierazten digu Saramagok, ez dela horretarako estatu-kolperik behar, ezta sistema formalki ezabatu behar ere. Saramagok esaten diguna da ia ohartu gabe uko egin diezaiekegula mundua edonorentzat paisaia habitagarria egiten duten osagarriei.

Bizi dugun mundu hiper-mediatikoan itsutasunak izan ditzakeen agerpenei buruz hausnarketa egin behar dugu. Emmanuel Levinas pentsalariak azpimarratu zuen mendebaldeko kulturan bi tradizio kontrajarri daudela. Bata, Greziatik datorrena da eta ikusmenean jartzen du oinarria. Tradizio horren arabera argia eta begien aurreko presentzia dira gorengo metaforak, benetako jakintza posible egiten dutenak. Bigarren tradizioa judutarren teologiatik datorrena da eta irudiak gaitzesten ditu.

Levinasek dio tradizio honetan begirada edo 'regard' interpretatu behar dela ez ikusmenari lotuta, baizik eta zainketa edo arreta interpertsonalaren ezaugarri bezala. Levinasek ukitzeari ikusteari baino garrantzi handiagoa ematen zion, nahiago zuen laztana begirada baino. Gertatzen dena da gure une historikoan irudien errefusa ez doala eskutik giza ferekarekin. Alderantziz, informazio pribatiboa saltzerakoan identitate ezaugarrietaz txostena egiten da, hau da, Bataillen 'l'informe' (forma galdu duena, ustela, hondakina) kategoriatik hurbilago dago, aurpegi gabeko ustelkeriaren ondorengoa baita. Irudiaren errefusaren ondoan, errealitatearen errefusa daukagu.

Simulakroa

Baudrillardek identifikatu zuen kategoria berria, gezurra eta egia baino haratago dagoena, simulakroa alegia. Baudrillardek esan nahi zuen gure gizartean indarrean dauden gauzak simulakroak direla, hau da, zerbaiten itxura hartzen dutela, benetan izan gabe. Erakunde sozialek indarrean egon arren beren errealitatearen oskola baino mantentzen ez dutenean, simulakroaren aurrean gaude.

Azkenik, egun martxan dagoen sistema ere itsutasunaren iturria da, gatazkak sortzen dituena, geraezina dela adierazten digutelako. Analogia bat egin nahi da prozesu fisikoan ikusten dugunarekin, hau da etengabe hazten doan unibertsoarekin. Jacques Attalik horrelako irudia marraztu du eta «Materialismo Iluna» deitu diezaiokegu, materia iluna bezala ez delako berehala atzematen. Eredu horren azken ardura da unibertsoa erabat hoztuko dela. Gizarte prozesua hoztu ez dadin emozio mugitzaileak sortu behar dira. Baumanen hitzetan, garai batean ura jasotzera iturrietara joaten ginen moduan, orain paketeetan bilduta erosten ditugu ur botilak eta berdin gertatzen da oinarrizko emozioekin, noizean behin beldur paketeak saltzen dizkigute, prozesu osoa erabat hoztu ez dadin, gizarteak 'perpetuum mobile' batean jarraitu dezan. Kategoria hauek ez direlako jada antropologikoak, ezta estatu-sistemari erantsiak ere, beren zeinuak detektatzea zaila egiten zaigu. Aurreko artikulu batean aipatzen nuen post-egiaren garaian hiper-espazioa zaborrez beteta dagoela eta orain ikusi dugu material horiek mugimendu etsiezinean mantentzen direla.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos