http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

«Istorioak zuzenean kontatzeko ahalmenean datza bideoen magia»

Morillok guztietako istorioak kontatzen ditu bere bideoetan, modu zuzen eta hurbilean./Daniel Pedriza
Morillok guztietako istorioak kontatzen ditu bere bideoetan, modu zuzen eta hurbilean. / Daniel Pedriza

Fernando Morillo, idazlea eta youtuberrak, 'Sorginetxe istorioak' bideo-kanala jarri du abian, euskaraz hamaika kontakizun zabaltzeko asmoz

IRAITZ URKULO

Fernando Morillo (Azpeitia, 1974) gazte literaturako idazle moduan eta Gaumin argitaletxeko editore gisa ezagun genuen jada. Berriki, ordea, ‘Sorginetxe istorioak’ txokoa sortu du Youtube plataforman. Ikus-entzunezko formatuak euskarari eman diezaiokeen bultzadaz jabeturik, youtuber egin da. Inolako mugarik gabe sortzeko aukera baliatuz, era guztietako istorioak kontatzen ditu bere bideoetan, modu zuzen eta hurbilean. Hala ere, ez du jarraitzaile kopuruak kezkatzen, esparru polit honetara euskaldun gehiago batzeak baizik.

-Zertan datza ‘Sorginetxe istorioak’ egitasmoa?

-Istorioen itsaso zoragarria da nire bizitza, istorioak bizi ditut, haiek jasotzen eta sortzen. Eta etengabe antzeko mezua jasotzen nuen irakasle eta irakurle gazteen aldetik: bideoak sortzen saiatzeko. Bideoen edo sare sozialen mundua ez nuen batere ezagutzen. Baina istorioena bai! Eta, azken batean, zertan datza bideoen indarra? Istorioak zuzenean kontatzeko ahalmena da bere magiaren funtsa. Polita izan zitekeela pentsatu nuen. Bideoen munduan murgildu eta istorioak formatu horretan sortzen saiatu, euskaraz. Horixe da ‘Sorginetxe istorioak’: edonolako istorioak, handiak zein txikiak, euskaraz bizitzeko eta gozatzeko lekua.

-Zu idazlea eta editorea izanik, zaila iruditu zaizu ikus-entzunezko proiektu bat abian jartzea?

-Formatua baino ez da desberdina! Istorioak sortzeko beste modu bat da sareko bideoen mundua, besterik ez. Hori bai, sekulako potentziala duena. Nik nonahiko istorioak aurkitu nahi ditut, haiekin dantza egin. Eta iruditzen zait euskarak ezinbestekoak dituela halako bideak, euskara ahozko hizkuntza baita muin-muinetik. Zuzena eta hurbila. Eta bideoak horixe eskatzen eta eskertzen du: hurbiltasuna.

-Zergatik behar ditugu youtuber euskaldunak?

-Sare sozialetatik guztiz deskonektaturik bizi izan naiz oraintxe arte. Hala ere, jendearekin hitz egitean, konturatzen nintzen zer-nolako eragina duten gaurko munduan. Dagoeneko bada mugimendu ederra sarean euskaraz, Twitter, Facebook eta halakoetan. Bitxia iruditu zitzaidan, ordea, bideoen esparruan ez aurkitzea beste hainbeste, alderantzizkoa baizik: bakan batzuk soilik. Harritu nintzen, euskaldunak bikainak liratekeelako horretan, eta euskararentzat izugarrizko potentziala duen aukera delako, erabili eta aprobetxa beharrekoa.

Askotariko istorioak

- Kanalean bideoak zenbait kategoriatan sailkatuta agertzen dira.

-Bideo mota desberdinak sortzen joan naiz, esperimentatzen joateko. Hogeitik gora zirela ikusita, iruditu zitzaidan sailkapen moduko bat egiten ahalegindu behar nuela. Baina ez da erraza! Naizena izanda, honetaz eta hartaz aritzen naiz… eta bideo batzuetan hamaika gai aipa ditzaket. Hobeto pentsatu behar dut nola sailka ditzakedan, edo balizko ikusleak labirintoan galduko zaizkit!

-Fikzioa zein errealitatea lantzea erabaki duzu. Zergatik?

-Bada halako alderik? Nire istorio guztietan josten ditut historia, zientzia, ukronia, errealitatea eta irudimena. Askotan ez daude batere urrun. Izan ere, oro har bat eta bera iruditzen zaizkit! Nire ardura nagusia pizten nauen zerbait sortzea da, iturriak iturri eta hariak hari. Beste norbaiten gustukoa ere baldin bada, primeran!

-Esate baterako, pertsonaia historiko jakin batzuk gurera ekarri eta horiekiko miresmena partekatu nahi izan duzu ikus-entzuleekin.

-Niretzat Einstein, da Vinci, Abbadia, Curie… txikitako lagunak dira ia. Miresten ditut, beste kontalari batzuek polit kontatu zizkidatelako haien bizitzak eta pasadizoak. Plazer eta jakinduria-une horiek zor dizkiet aurrekoei. Orain niri dagokit baratze hori zaintzen jarraitzea, eta datozen irakurle edo ikusle gazteei egoki eskaintzen ahalegintzea.

-Istorio asmatuek eta munduan zeharreko mitoek ere leku garrantzitsua dute.

-Jakina! Mitoek gure oinarrizko psikologia dute oinarri. Eta asmatzen eta amesten dugun guztiaren funtsezko osagaiak dira. Ezinbestean daude ezkondurik! Eta ezinbestean korapilatzen zaizkit etengabe. Gure zientziak, poesiak, filosofiak edo zeinahi jakin-gosek… guztiek dituzte mitoak jatorri eta istorioak zutabe. Ezin besterik kontatu zerbait kontatu nahi bada.

Ahozko istorioa

-Era batera edo bestera, eduki gehien-gehienek literaturarekin lotura dute. Ez al da paradoxikoa literatura ikus-entzunezko baliabideen bidez sustatu behar izatea?

-Ez horixe! Literatura suaren ondoan jaio zen, leizean edo sabanan, ahozko forman. Hura zen bihotza. Guk idazten dugun guztia une haien oihartzuna baino ez da. Ahozko istorio haiena. Eta bideoak horixe dira: kontatutako istorioak. Baliabidea alda liteke, harrian idatzi, papiroetan edo pantailan, ahoz, idatziz edota antzeztuz… Funtsean, ordea, berbera dira guztiak. Geroak zer ekarriko duen, ezin esan. Baina bai istorioak istorio izango direla beti eta betiko, garena garen bitartean, formatuak formatu!

-Zer erabilera izan ditzakete zure bideoek? Nortzuk izan daitezke balizko hartzaileak?

-Nahi duen oro! Egia da, hala ere, nire bizitzaren zati handi samar bat ikastetxeetan garatzen dela. Beraz, halabeharrez azalduko dira gazteen eta gazteentzako kontuak, ikasteko, hausnartzeko, goxatzeko. Hezkuntzaren, filosofiaren, historiaren edo zientziaren inguruan. Auskalo. Denborak esango du zer norabide hartuko duen egitasmoak. ‘Sorginetxe istorioak’ txoko txiki bat baino ez da izango, beste hainbat txoko sortzen joateko bultzadatxoa izan nahi lukeena.

-Hemendik aurrera ere bakarrik arituko zara edo beste lagun batzuk batuko zaizkizu proiektura?

-Jende gehiago sartzen hasita nago, apurka, eta emaitza zoragarria izaten ari da. Denetarik probatzeko asmoa dut, eta lagun gehiagorekin istorio aberatsagoak sortu daitezke, dudarik gabe. Helburua sortzea da, eta sortzea oso espazio irekia eta librea da. Inolako mugarik gabea.

-Etorkizunean formatu edo atal berriak eskainiko dizkiezu zure jarraitzaileei?

-Ziur dakidan bakarra da istorioak sortzen arituko naizela. Eta bururatzen zaizkidan askotariko modu, atal eta formatuak probatzen. Beti egin eta egingo dudan moduan!

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos