http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Iraultza kulturala

‘Arrandegia’, VladimirTatlin-en lan ospetsuenetako bat. /E. C.
‘Arrandegia’, VladimirTatlin-en lan ospetsuenetako bat. / E. C.

Errusiar iraultzak mundu berri bat sortzeko proiektua ekarri zuen Europara

JON KORTAZAR BILLELABEITIA

Errusiar Iraultzak mundu berri bat sortzeko proiektua ekarri zuen. Halabeharrez, aurreko gizartearen kontrako erabateko inpugnazioa (Leninek berak 'Estatua eta Iraultza') eta mundu berri bat sortzeko ahalegina zen. Estatu sozialistaren proiektu honek kulturan ere izan zuen bere isla, eta ez txikia: Boris Grois arte-kritikariaren arabera, sobietarren garaian «arte-lan erabatekoa» sortu zen, Stalinen garaiko artea «mundu berri baten eta gizaki berri baten amets kolektiboaren isla» zen.

Leninek berak ideia hori Iraultza baino hamabost urte lehenago 'Zer egin?' liburuan adierazi zuen: «Bebel eta Liebknecht bezalakoak behar ditugu», hau da, Estatu iraultzailea eraikitzeko eta zuzentzeko gai izango ziren langile intelektualak. Esan eta egin. 1917ak, iraultzaile proletario profesionalen alderdia, ikasketarako gogo handiko militanteen talde bat eraman zuen boterera; lehen Gobernu boltxebikean filosofoak, ekonomialariak, politikan adituak eta abarrak aurkitzen ziren. Adibidez, Josif Visarionovitx Djugaxvili 'Stalin', Leninek aipatutako «Bebelen moduko» langile-intelektualaren eredua dugu: bere biografo Simon Sebag Montefiorek esan zuenez, Errusiak inoiz izandako agintaririk irakurzaleena eta ikasiena izan zen.

Zenbateraino jo dezakegu kulturaren hedapena Alderdi Boltxebikearen meritutzat? Esan behar dugu, egoerak lagundu bazuen ere, Alderdiak, behin iraultzaren «eferbeszentzia fasea» pasatuta eta «eraikuntza fasea» hasita, kulturarekiko apustuari eutsi ziola. Egia esan, Alderdiak helburu gisa zuen «herri landu» bat heztea, bere helburu eta interes politikoen barruan zegoen. Ez soilik letretako arloan, baita teknika arloan ere. Horretarako, Estatu sobietarrak belaunaldi berri ikasi bat sortu behar izan zuen: teknikariak, arkitektoak, ingeniariak, agronomoak eta abar. Sobietar Batasunaren lorpen ekonomikoek zerikusi handia dute kultura herri mailara zabaltzearekin: alfabetizazio programa handi bat ezarri zuten, adibidez, Nadezhda Krupskaiaren zuzendaritzapean (UNESCOk berak onartu zituen Krupskaiaren lorpenak). Anselmo Santos, Stalinen azken biografoetako batek esan zuen moduan, «milioika baserritar (…) ikasteko gogoz hasi ziren, (…) landagunean milaka traktorista, mekanikari, agronomo eta abarreko teknikari agertu ziren». Herrixketan eta baserri kolektiboetan (kolkhoz/sovkhoz) eskolak eta ofizio-eskolak agertu ziren. Populazioaren mobilizazioa agertu zen, jendea bere eskualde edo probintziatik ateratzeko aukera. Herrixkak erabat aldatu ziren (Leninek berak zioen moduan: «Komunismorako beharrezkoa da sobietar boterea, baina herria elektrifikatzea ere bai»). Datu bat: 1925eko aurrekontuek, 1913ko aurrekontu tsaristekin, hots 1914-1921eko guda aurreko azken aurrekontuekin konparatuz, diru kopuru antzekoa azaltzen zuten lehenak izaki, kulturan bikoitza gastatzen zuten. Ez zen alferrikako inbertsioa izan: 1917an, Errusian, 14.000 liburutegi zeuden; 1953an, Stalin hil zenean, 300.000. Hirigunean, umeen zein helduen aisialdi klubak toki guztietan sortu ziren: bai auzoetan, zein lantegietan zein Armada Gorrian (honek Gudu Zibilean abiarazi zuen bere lan hezitzailea, «liburutegi mugikorren» bidez, jende askorentzat bere lehen eskola izan zen). Eskola sistema ere modernizatu egin zuten, Anton Makarenko edota Lev Vigotski bezalako pedagogoen eskutik; are gehiago, errusiera ez ziren gainerako hizkuntzak eskolan ofizialtzea bultzatu zuten (eta horren bidez, egunkarietan, artean, administrazio-lanetan).

Zatiketak

Hala ere, arterako programa sozialista honen konkreziorako orduan, Alderdi Boltxebikearen barnean ere zatiketak agertu ziren, «arte klasikoaren» eta 'Proletkult' (Kultura Proletarioa) delakoaren artean: lehenek arte «zaharra» gorde nahi zuten; bigarrenek, ordea, Europako «futuristen» antzera, birrintze erabatekoa eta berriz hastea nahi zuten eta pentsatzen zuten ezer berririk ezin zela eraiki gizarte zaharraren gainean. Agian, antzerkian izan zuen halako lehiak bere oihartzunik gogorrena. 20ko hamarkadan oso goratua izan zen Vsevolod Meierholden antzerki berritzailea, masa-antzerkian oinarritutakoa (ikusle eta aktoreen arteko muga birrintzean edo aire zabaleko antzezlanak egitean oinarritzen zena), eta pixkanaka Nemirovitx-Dantxenkoren ildo «klasikoagoari» tokia utzi ziona.

Oro har, Estatu berriaren baitan gailendu zen paradigma kulturala batez ere 'errealismo sozialista' hitzekin laburbiltzen da. Sobietar literatura berria, batez ere masen, herritarren egoera azaltzean oinarritzen zen, Gorkiren 'Ama' nobela famatuarekin hasi eta Nikolai Ostrovskiren 'Altzairua nola gogortu zen' eleberriraino. Baina ez da hau bakarrik literatura berri sobietarrak utzi diguna. Ideia zen herriarentzat «ulergarri» eta «identifikagarri» izatea herria eta batez ere langileria, bere bizi baldintzekin, bere borrokekin eta munduaren aldaketarekin identifikatu zedin. Ildo honen jarraitzaile ditugu adibidez Nobel sariaren irabazle sobietarra, Mikhail Xolokhov, Don Eskualdeko kosakoen nobelekin, Konstantin Simonov, Ilia Ehrenburg edo Aleksandr Fadeiev.

Hala ere, ez dugu ahaztu behar lehen hamarkada sobietarretan politika eta artearen arteko harremana gogorra izan zela: Anna Akhmatova, Mikhail Bulgakov, Boris Pasternak, Osip Mandelstam (ez zen exekutatua izan, uste hedatua hori bada ere) bezalako idazleek oreka zailak egin behar izan zituzten euren bizitza osoan zehar, eta euren talentua izan zuten helduleku bakar. Isaak Babel, ordea, exekutatua izan zen.

Errealismo sozialistaren garaipena artearen beste sektore batzuetan ere islatu zen. Horren adibiderik garbienak, pinturan Tatlinen konstruktibismoa, edo eskulturan, Vera Mukhinaren lanak, adibidez, 'Langilea eta Kolkhoztarra', 1937ko Parisko Erakusketa Unibertsalean erakutsi zen lan ederra eta eskerga, aldi berean bizitasuna, mugimendua eta sistema komunistaren ikurrak ordezkatzen zituena: gizon langile bat eta emakume kolkhoztar bat, mailu eta igitaiarekin, aurrera begira (egun Estatuaren Erakusketa-Tokiaren ondoan dago eskultura hori).

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos