http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Irailean izango da Laudioko Kultur Etxeko ikastaroetan izena emateko epea

Izen-ematea irailaren 4tik 16ra egingo da, udal webgunearen bidez: www.laudio.eus

SERGIO EGUÍA

Aurten ere ikastaro eskaintza zabala antolatu da Kultur Etxean, bai helduentzat, bai hirugarren adinekoentzat eta baita umeentzat ere.

Izen-ematea irailaren 4tik 16ra egingo da, udal webgunearen bidez: www.laudio.eus ('Formakuntza ikastaroak eta izen-emateak' atalean), nahiz Kultur Etxean bertan.

Behin epea amaituta, eta eskaintza baino eskaera handiagoa izanez gero, irailaren 20an, zozketa egingo da 12:00etan, Kultur Etxean bertan. Onartutakoen behin betiko zerrenda irailaren 22an argitaratuko da, eta irailaren 23a eta 29a bitartean egin beharko dira ordainketak.

Bestalde, 2018ko San Roke Jaietako egitarauari begira, Laudioko Udalak eskatu nahi dio aurtengo jaietako argazkiak aterako dituzten lagunei, eta datorren urteko programan argitaratuta ikusi nahi dituztenei, bidali ditzatela irudiak partaidetza@laudio.eus posta elektronikora, gehituta izen eta abizena.

Jasotakoen artean hautaketa egingo da eta denak www.laudio.eus web orrian jarriko dira.

Azkenik, Laudio Udalak 2017. urtean, Hezkuntza, Berdintasun eta Gazteria gaiei dagozkien ekintzak garatzeko irabazi asmorik gabeko elkarteei bideratutako diru laguntzen deialdiak arautzen dituzten oinarriak adostu berri ditu. Diru laguntzak 14.350,00 euroko balio dute.

Programak aurkezteko epea abuztuaren 19tik urriaren 4 arte izango da. Aurkeztu beharreko dokumentazioa Laudio Udaleko web orriko oinarrietan aipatzen da. Ekintzak finantzatzeko laguntza ekonomikoen eskaerak Udaletxeko Herritarren Harrera Zerbitzuan aurkeztu beharko dira, aipatutako epea baino lehen.

Informazio gehiago behar izanez gero, deitu Hezkuntza, Berdintasun eta Gazteria arloko 94 403 48 50 telefonora.

Fotos

Vídeos