http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Iragana berbalagun

Hamahiru urteko Robertorekin hitz egin dut gaur egun bizi dugun egoerari buruz

The Rolling Stones taldea, Bartzelonan./Efe
The Rolling Stones taldea, Bartzelonan. / Efe
ROBERTO MOSO

Hamahiru urteko Robertorekin egiten dut berba batzuetan. Ez dizut ukatuko. Hori gertatzen den guztietan kontuz ibili behar dut. Oso tipo zintzoa eta zorrotza da, nahiz, bere adinean normala denez, erabat galduta egon hainbat arlotan.

–Aupa Rober. Hemen zure 2018. urteko bertsioa... Zelan?

–Tira. 2018? Uff, nekez imajinatu dezaket 2000. urtea ere. Ziur aski, inguratzen zaituen guztia erabat ezezaguna eta ulertezina izango da niretzat... Nolako gizartetan bizi zara?

–Ba... gauza batzuetan harrigarria irudituko litzaizuke, baina, ez pentsa, beste batzuetan ez dugu horrenbesteko aldaketarik izan... '2001 Odisea espazioan' eta antzeko pelikuletan agertzen dena ez da gertatu. Lurrean bizi da gizakia oraindik, eta, ez da hemendik kanpoko inongo kolonizaziorik izan... estralurtarrak ez dira inondik agertu, nahiz, zure garaian gertatzen den bezala, beti dagoen kontrakoa baieztatzen duenik...

–Orduan ez duzue hegaz egiten duen autorik? Ez ikusezin bihurtzeko ahalmenik?

–Ba ez...harrigarriena zuretzat, agian, orain konputagailuak poltsikoetan eraman ditzakegula...

–Konputagailuak poltsikoan? Eta zertarako?

–Ba izan daitezke telefonoak, musika entzuteko tresnak, mezulariak, informazio bilatzaileak...

–Gerraren bat bizi al duzu?

–Mmmm, gerra, gerra... ez, bizi izan dugunak ez du inolako zerikusirik zure aitona-amonek bizi izan zutenarekin, baina, hilketa asko izan da ETAren eskutik eta beste zenbait ETAren kontrako ekintzetan.

–ETArena 2018. urteraino luzatu al da?

– Ba, bai. Izan ere, orain dela oso gutxi iragarri dute beren desagerpena.

–Noiz arte iraungo du ba Francoren erregimenak?

–Urte pare bat barru Franco hilko da eta trantsizio prozesu bat zabalduko da Espainia Europako demokraziekin parekatzeko. Baina batzuek -ETA barne- ez dute horretan sinetsiko.

–2018. urte arte?

–Mmm, konplexua da. Gehienbat, desagertu dira jendearen laguntza galdu dutelako eta poliziaren eraginez, batez ere Frantziakoaren eraginez, esango nuke nik...

–Eta zeintzuk dira gehien saltzen diren diskoak?

–Uff, kaseteak desagertu dira eta diskoak hilzorian daude. Orain musika internet bidez entzuten da gehienbat...

–Internet?

–Bai, mundu mailako informazio sare bat, sakelako telefonoan eraman dezakezuna... Binilozko formatua baztertuta geratuko da, compact disc agertuko da... Kristoren negozioa ikusiko duzunez...

–Rockak bizirik dirau?

–Bai, baina orain ez da gazteen ikurra. RAP, Punk, Trash, Reggaeton eta beste estilo asko sortu dira. Orain «rapero» bat espetxeratuko dute bere hitzengatik...

–Eta jendeak oraindik Beatles eta Rolling Stones gogoratzen al ditu?

–Bai, ez da batere arraroa jende gaztea Beatles taldeko elastikoekin ikustea, nolabaiteko «revival» bat bizitzen ari dira... eta Rollingek atera berri dute disko bat «Blue & Lonesome», bide batez Dylanek literaturaren nobela irabazi du eta ABBAk hologramekin hasi du bira bat...

–Uff, Rollingak esan duzu? Kalkula dezagun... mmm... hirurogeita hamar eta gehiago urterekin?

–Bai, jauna.

–Eta zer musika mota egiten dute orain?

–Ba 'bluesmen' klasikoen bertsioak dira denak, beren hasierako disko bat ematen du... baina hobeto grabaturik...

–Buah, ezin dizut sinetsi. Begira, galdera asko egingo nizkizuke, baina momentuz honela utziko dugu. Bistan denez bizirik jarraitzen duzu eta ez da gutxi. Hobe da gauza batzuk aldez aurretik ez jakitea.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos