http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Iparraldeak 1,9 milioi jasoko ditu euskara sustatzeko

Herri Urrats jaia Iparraldean ospatzen da urtero ikastolen bultzada izatearren. / E. C.

Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 400.000 euro jarri ditu eta Euskararen Erakunde Publikoak, 1.530.000

ELCORREO.COM

Eusko Jaurlaritzak eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak 2017-2022 epealdirako hitzarmen marko berriaren xehetasunak aurkeztu dituzte aste honetan, Baionan izandako prentsaurrekoan, martxoaren 29an akordioa sinatu ostean. Guztira, 1.930.000 euro izango dira Ipar Euskal Herrian euskara sustatzeko, hau da, iaz baino 200.000 euro gehiago.

Udaberrian iragarri bezala, Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 400.000 euro jarri ditu Iparraldean euskara sustatzen duten eragileen lana laguntzeko, eta Euskararen Erakunde Publikoak 1.530.000 euro jarri ditu.

Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordea, Beñat Arrabit Euskararen Erakunde Publikoko presidente berria eta Bernadette Soule EEPko zuzendaria izan dira Baionan egindako prentsa agerraldian.

Bi erakundeen arteko hitzarmen markoa 2007an sinatu zen lehenengoz eta, jasotzen duenez, Jaurlaritzak eta Euskararen Erakunde Publikoak euskararen gaineko hizkuntza politikako gaietan mugaz gaindiko lankidetza garatzearen aldeko borondatea berresten dute, oraingoan 2017-2022 epealdirako. Horrez gain, bi alderdiek adierazten dute hizkuntza politikan sustatuko den elkarlana mugaz bi aldeetako ezaugarri juridikoak kontuan izanda garatuko dela, eta ezaugarri juridiko horien artean diren ezberdintasunekiko errespetuan jarduteko borondatea agertzen dute.

Elkarlanaren bidez, Jaurlaritzak eta Euskararen Erakunde Publikoak euskara sustatzeko asmoa duten proiektu ezberdinen artean banatzen dute aurrekontua. Diru laguntza batzuk hitzarmen zehatzen barruan ezarririk daude, eta beste batzuk deialdi irekiaren bidez erabakitzen dira.

Diru laguntzak

Horrela, hitzarmen baten bermea duten erakundeen artean 1.550.000 euro banatuko dira. Atala honen barruan, 496.000 euro jarri dira euskarazko irakaskuntzan ari diren erakundeen lana sustatzeko: Seaskarentzat, 405.000 euro izango dira (iaz baino 25.000 euro gehiago), Ikas Birentzat 40.000 euro (5.000 euro gehiago), Biga Bairentzat 23.000 (2.000 euro gehiago) eta Euskal Haziak elkartearentzat 28.000 euro (zenbateko bera).

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos