Borrar
Josu Urrutia eta Iñigo Martínez, azken honen aurkezpenean. L.A. Gómez
Iñigoren berbak

Iñigoren berbak

Sare sozialetan dituen kontuak baliatu zituen realzaleei agur esateko, euskaraz zein gazteleraz. Azken honetan Errege Akademiak araututakoak zorrotz jarraituz eta lehenengoan, ostera, bere herriko berbakera idatzizkora iragazkirik gabe eramanez

Joseba Arruti

Martes, 6 de febrero 2018, 23:43

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Hautsak harrotu ditu Iñigo Martínezen fitxaketak. Ondarroarra izanik berez ez luke ezer harritzekorik Athleticera joan izanak, baina iraganeko bere zenbait adierazpenetan oinarritu da jauzi horren inguruko eztabaida. Eta hori gutxi balitz, kirol arlokoari euskararen erabilerari buruzkoa gehitu zaio. Urtarrilaren 30ean sare sozialetan dituen kontuak baliatu zituen realzaleei esker ona adierazi eta agur esateko, euskaraz zein gazteleraz. Azken honetan Errege Akademiak araututakoak zorrotz jarraituz eta lehenengoan, ostera, bere herriko berbakera idatzizkora iragazkirik gabe eramanez.

Pertsonaia publikoa denez gero, berehala eragin du horren inguruko iritzi jarioa. Jatorragoa delakoan-edo aspaldion gero eta nabarmenagoa delako euskaraz norbere etxeko eran idazteko joera. Hitz egiteko moduaz gaindi, idazteak bestelako arauak bete behar dituela bazter utzita, horiei jaramon egin barik. Eta hori jatorkeria besterik ez da, inboluzioa.

Bizkaian gero eta ohikoagoa da honakoa gertatzea, euskalkira edo herri hizkerara gerturatu nahia aitzakiatzat hartuta. Baina sasiargudio faltsua da hori, bizkaieraz idatzi nahi duenak baduelako arauak beteta egiterik, idatzizkoari dagokion maila jasotik edozer adierazterik. Hori landu eta egin beharrean, ordea, errezenera jotzen dute askok, hitz egiteko moduarekiko mimetismora. Eta herrikoi itxuraz janzten dute, artez idatzitako bizkaiera edo batua arrotzak bailiran.

Gaztelera hutsez baino norbere gogoko euskaraz idaztea hobe dela dioenik ere ez da falta eztabaidan. Baina premisa faltsu batetik ari dira, bertokoa nolabait zeharka gutxiesten, beste edozein hizkuntzatan onartezin eta irrigarri dena euskararentzat onartu eta sustatzen. Inor ez litzatekeelako ausartuko irizpide hori gaztelerazkora eramaten, hitz egitea eta idaztea horri dagozkionetan ondo bereiztea zer den badakitelako.

Martínezek hizkuntza bietako testuak aurrez aurre jarritakoan, are nabarmenagoa izan da aldea. Idatzizko arauei batean eta bestean emandako garrantziarena. Ondarroako hizkerak, eta herri bakoitzeko bestelakoek, euskara zeharo aberasten dute. Horretaz ez dago eztabaidarik. Baina kontuz idatzizkoetan jatorkeriaren izurriak urte luzetako lorpenak irentsi aurretik.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios