http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Ingurua eta izaera

Ingurua eta izaera

Nik dakidanez, ‘Baina ez lukete han egon behar’ izenburuko liburu hau Asier Osinalde Vidalek argitara eman duen lehenengoa da

JAVIER ROJO

Nik dakidanez, ‘Baina ez lukete han egon behar’ izenburuko liburu hau Asier Osinalde Vidalek argitara eman duen lehenengoa da. Orrialde horietan idazleak hamabi narrazio bildu ditu. Beraz, narrazio bilduma baten aurrean gaudela ematen du. Edonola ere, liburuaren egitura orokorrari erreparatzen badiogu, berehala konturatuko gara narrazioen artean harremanak daudela. Pertsonaiak errepikatzen dira, istorio desberdinetan aurkezten diren egoerek nolabaiteko erlazioa erakusten dute… Narrazioen artean planteatzen diren erlazio hauek, dena dela, ez dira egituratzaileak, eta atal bakoitza ez da nobela baten kapitulua izatera heltzen.

Kateatutako istorio bilduma honetan egitura baino askoz garrantzitsuagoa da pertsonaien izaera, hauek argumentuen ardatzak osatzen dituzte-eta. Pertsonaiek inguruarekiko desegokitasuna erakusten dute, nahi gabe ere beraiena ez den inguru batean suertatu baitira. Kasualitatezko topaketa bat, adibidez, esentziala bihurturik agertzen da beraien bizitzetan, halakorik bilatzen ez bazuten ere. Izan ere, pertsonaiak lekuetan pasaeran daudela ematen du, baina pasaerako momentu hori hormatuta gelditu delarik, hor harrapatuta geratu dira, momentu eta toki jakin batekoak izango balira bezala, horrek beren izaera definituko balu bezala. Honek eramaten ditu pertsonaiak behin eta berriro beren izaeraz galdetzera. Inguruak definitzen badu zer diren, ingururik gabe zer dira pertsonaia horiek? Momentu bakoitzak zehazten du zein den haien izaera eta denbora pasatzen delarik, pertsonaien memoria ere aldatzen da. Orduan norberaren izaeraren batasunari buruzko dudak sortzen dira. Pertsonaiak, beraz, askotan bikoiztuta agertzen dira, erdibituta, eta ez dakite oso ondo zein den beren benetako nortasuna. Honen ondorioz istorioetako protagonistek izaera eskizoidea erakusten dute maiz.

Liburu honen bidez identitatearen arazora hurbildu da idazlea. Baina Asier Osinaldek trebezia berezia erakutsi du liburuan agertzen diren testuetan kontatzen diren istorioak ideia horren menpe gara ez daitezen, aipatutako planteamendu hori kontuan hartu zein ez, hemengo ipuinek irakurlearen arreta erakartzen dute-eta.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos