http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Informazio-kanpaina bat egingo da Salburuan eta Zabalganean, zabor-poltsak edukiontzietatik kanpo utz ez daitezen

SERGIO EGUÍA

Gasteizko Udalak Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Sailak sustatutako informazio-kanpaina bat jarri du abian aste honetan, edukiontziak zuzen erabiliz hiria garbi mantentzeko beharraz kontzientziatzeko. Gorka Urtaran alkateak gaur goizean azaldu duenez, Udalak enplegu plan baten bidez kontratatutako sei gaztek garatuko dute ekimena.

«Garbiketari buruzko udal ordenantzaren gaineko informazioa ematen ari dira kalean, merkatari zein auzokoei zuzenduta. Lehen fasean, monitoreek Salburuan jardungo dute, establezimenduek eta herritarrek alorrean dituzten eskubide eta betebeharrak modu positiboan azaltzen», kontatu du alkateak.

Hiru talde arituko dira, bi goizez eta beste bat arratsaldez. Hondakinen Kudeaketaren Zerbitzuak egin duen programazioari jarraituz, Salburuko 7. eta 8. sektoreetan eta Arkaiaten ekin diote lanari. Martxoaren 5etik 9ra bitartean, Ibaialde eta Santo Tomasen (9. eta 11. sektoreak), eta Izarra eta Larrein inguruetan (10. eta 13. sektoreak) ibiliko dira. Hamabost egunen buruan, Zabalganera aldatuko dira, eta lan bera egingo dute martxoaren bukaerara arte, Mariturrin, Zabalganeko iparraldean eta hegoaldean, Borinbizkarrean, Elexalden eta Aldaian. Taldeak informazio lanak bukatzen dituenean, Udaltzaingoak isunak jartzeko kanpaina egingo du leku beretan. «Herritarrek edukiontziak eta buzoiak zuzen erabiltzea nahi dugu, zaborra kanpoan utzi gabe. Berriro biltzeko zerbitzuetan milioi bat euro gastatu behar dugu urtean, eta hiriaren irudi txarra ematen dute. Gainera, gutxi batzuen portaera bidegabeak Gasteizko bizilagun gehienen lana eta kontzientziazioa iluntzen du», esan du alkateak.

Proiektu berria Ibaiondon

Bide batez, Gasteizko alkate Gorka Urtaranek Udalak Ibaiondo auzoan sustatuko duen ekimen pilotu bat iragarri du. Inguru horretan, txikia baita, zati organikoari dagozkion bilketa pneumatikorako buzoiak ontziak botatzeko erabiliko dira. ENVAC enpresaren laguntzarekin egingo da berrikuntza, zeina dagoeneko beste leku batzuetan —Agurainen eta Barakaldon, esaterako— aplikatu baita, arrakastaz. Oraingo sistemaren ordez hondakin organikoak biltzeko edukiontziak jarriko ditu Udalak. Ontzietarako buzoiak horiz margotuko dira, eta erabilera berria azaltzeko kartelak jarriko dira.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos