http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Indarkeria matxistaren kontrako kanpaina berria

Bizkaiko Aldundiak abiarazi duen kanpaina aurkeztu zuten atzo Bilboko metroaren Abandoko geltokian

ELCORREO.COM

Indarkeria matxistaren kontra Bizkaiko Aldundiak abiarazi duen kanpaina aurkeztu dute astearte honetan Bilboko metroaren Abandoko geltokiko sarbide batean Unai Rementeria ahaldun nagusiak eta Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatuak. Kanpainak emakumezkoen indarra eta askatasuna nabarmenduko ditu, datorren larunbatean ospatuko den Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egunaren harira.

Kanpainak formatu ezberdinak izango ditu eta emakumezkoak ahalduntzea da helburua. «Azken batean, xedea da emakumezko bakoitzaren gaitasuna eta bizitzeko duen eskubidea nabarmentzea, betiere gizonezkoen mende egon barik eta, jakina denez, erasorik eta hilketarik gabe», adierazi dute.

Gauzak horrela, hiru ideia sustatu nahi ditu ekimenak: 'Ez maitatu gehiago, maitatu hobeto', 'Ez naiz zurea, nirea baizik' eta 'Emakumezko handi baten atzean, emakumezko handi bat dago'. Helburua, emakumeenganako irainak, erasoak eta hilketak desberdintasunaren adierazpide larriena direla eta indarkeria matxista funtsezko arazo bat dela zabaltzea da.

Halaber, Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, Bizkaiko Aldundiak 'Maitatu ondo' izenburuko komikiaren berrargitalpena finantzatu du. Lan horretan, Rosalind B. Penfold artista kanadarrak bikotekide ohiaren aldetik jasandako indarkeria matxistarekin izan zuen esperientziaren berri ematen du. Agorturik zegoen komikia da hori.

Bestalde, foru erakundeak sareko lanabes bat prestatzen ari da, emakumezkoen kontrako erasoen eta hilketen errealitate lazgarria ikusgai bihurtzeko. Bizkaiko Foru Aldundiaren webgunean kokatutako mapa interaktiboa izango da, hain zuzen ere. Haren bidez, azken urteotan emakumezkoen kontra izandako heriotzen eta erasoen historikoa ikusi ahalko da oso modu grafikoan. Era berean, beste zenbait ekimen eramango dira aurrera.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos