http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Indarkeria matxista

Bataz beste eraildako emakume bat astean izan ziren iaz espainiar estatuan

Emakume bat, eraso bat jasan ondoren./Fotolia
Emakume bat, eraso bat jasan ondoren. / Fotolia
ARANTXA URRETABIZKAIA

Urteak joan, urteak etorri eta emakumeon aurkako bortxak ez du nabarmenki behera egiten. Berrogeita hamarretik gora izan ziren espainiar estatuan iaz genero indarkeriaren eskutan hildako emakumeak. Ez dira hirurogeita hamar mende hasieran bezala, baino bataz beste eraildako emakume bat astean, gertaera jasanezina da.

Horregatik da hain latza gertaera horren inguruko eztabaida, ez dakigulako nola gutxitu emakume eraildakoen kopurua, ez dugulako lortzen tratu gaizto guztien salaketa. Momentu honetan kartzelan daudenen artean lapurreta egotzita daudenen, eta genero indarkeria erabili duten gizonen kopurua berdina da. Drogen inguruko atxiloketak, berriz, hirugarren lekuan daude. Zigorra ezinbestekoa da, baina ez da indarkeria nabarmenki gutxitzeko gauza.

Ikusten dira seinale esperantzagarriak zerumugan. Adibidez, kartzelan dauden bitartean bortxakeriaren kontrako tratamendua hartu duten gizonek, esperientzia horretan parte hartzen ez dutenek baino gutxiagotan errepikatzen dute ekintza deitoragarri hori. Era berean, ugaldu egin dira kaltetua ez den norbaitek egindako salaketak, gehienak beste emakume batzuek eginak.

Ez dira falta, halere, laino beltzak. Adibidez, zazpi urtean genero bortxakeriaren kontrako telefonoan, laguntza eskatzeko balio duen telefono horretan (016), laurehun mila asmo txarreko dei jaso dira, gehienak gizonek eginak eta irainez eta madarikazioz josiak.

Agian horrek frogatzen du oraindik ere gizon eta emakumeok ez dugula genero bortxaketari buruzko begirada berdina, gizonezko asko dagoela oraindik kultura matxistak kutsatua.

Heziketa besterik ez zaigu gelditzen itxaropena sustatzeko. Mutilek ikasi behar dute bereizten zer den gizontasuna eta zer gizonkeria. Neskek ikasi behar dute etorriko denaren zantzua dakarren ekintza antzematen, indarkeria lehertu aurretik. Eta ez dute hori ikasiko helduok, guztiok, ez eskola sistemak bakarrik, berdintasuna zer den irakasten ez badiegu.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos