http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Ikerketa ozeanografiko europarrean murgilduko da AZTI

EuroGOOS sistemak eskubide osoko kide antzera onartu du AZTI, ozeanografia operazionalaren alorrean burututako lana ikusita

AMALIA IBARGUTXI

Lurreko azalera zati handiena hartzen dute ozeanoek, eta haietan bizi da Lurreko bizitza gehiena. Kutsaduraren ondorio latzenak ere berauek pairatu dituzte. Testuinguru horretan, esanguratsua da ikerketa ozeanografikoa burutzen dutenen lana. Esanguratsuagoa, seguru asko, ozeanoak behatzeko EuroGOOS (European Global Ocean Observing System) europar sisteman sartzea, eskubide osoko kide antzera, gainera. Orain, AZTI zentro teknologikoa UNESCOk sortutako erakunde horretako partaide izendatu dute. Egun, 19 herrialdetako 42 kidek osatzen dute erakundea.

AZTIk «lehentasunak identifikatzeko, estrategiak lantzeko, lankidetza hobetzeko eta Europan ozeanografia operazionalaren onurak sustatzeko prozesuetan» parte hartuko du horrela, jakinarazi duenez, Ozeanoaren Europar Behaketa Sistema (EOOS) integratu, sostengarri eta eskuragarri bat ezartzen parte hartzeaz gainera. Hala erabaki dute EuroGOOS sistemako arduradunek, AZTIk ozeanografia operazionalaren alorrean burututako lana ikusita. Izan ere, AZTIn lantzen duten diziplina horrek ozeanoetan, itsasoetan eta atmosferan egindako neurketak eta laginketak hartzen ditu, baita horien hedapena eta interpretazioa ere, etekin sozioekonomikoak ateratzeko. Euskalmetekin batera garatutako EuskOOS (Euskadiko Ozeanografia Operazionalaren Sistema) garatu dute adibidez, itsasoaren egoeraren jarraipena egitea ahalbidetu duena.

Aurreikuspenerako teknika zientifikoa

Ozeanografia Operazionalari esker, AZTIk azaldu duenez, ozeanoa sistematikoki beha daiteke epe luzera, behaketek emandakoa interpretatu eta hedatu egin daiteke, eta datuak etengabe eta denbora errealean eman. Adibidez, datuak denbora errealean bildu daitezke salbamenduko operazioak azkarrago eta seguruago egiteko. «Epe luzera, ozeanografia operazionalak aukera ematen du muturreko gertaera naturalei aurre egiteko, itsas baliabideen ustiapen jasangarri bat planifikatzeko, itsasoaren mailaren igoera eta klima aldaketak itsasertzean eragiten dituen ondorioak aurreikusteko, baita itsasoko energia iturrien bideragarritasuna aztertzeko ere. Giza ekintzek inguruneari eragiten dizkioten inpaktuak ebalua daitezke, eta isuri kutsatzaileen kontra eraginkortasunez borrokatu».

Gainera, modu aktiboan parte hartu du proiektu desberdinetan, hala nola Europar Batasunak lurra behatzeko daukan behaketa programan, Europako itsas behaketa eta informazio sareetan, zeina ikerketa azpiegitura garatzeko egitasmo bat den, europar itsasoetako ingurumenari buruz kalitate handiko informazio zerbitzuak emateko.

Gainera, IBIROOS –EuroGOOSen bost eskualde sistemetako bat– Bizkaiko Golkoa-Irlanda eskualde aliantzako kidea da AZTI eta, halaber, hainbat lantaldetako kidea datuen kudeaketari eta kalitateari buruzko zereginetan goi maiztasuneko radarretan eta kostaldeko ozeanografia operazionalean dihardu, zentroak jakinarazi duenez.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos