http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Ikasleei zuzendutako 1.000 artikulu baino gehiago argitaratuko ditu euskarazko Wikipediak

Ikasle batzuk, ordenagailuaren aurrean./Kike Taberner
Ikasle batzuk, ordenagailuaren aurrean. / Kike Taberner

Proiektua datozen hiru urteetan garatuko da eta 12 eta 16 urte bitarteko gazteentzat dago pentsatuta

JAN ECHEVARRÍA

Sarea erabiltzea informazioa eskuratzeko helburuarekin ohiko gauza bilakatu da gure gizartean eta, gauzak horrela, Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Wikilarien Kultur Elkarteak euskarazko Wikipedian kalitatezko artikuluak sustatzeko hitzarmen bat sinatzea erabaki dute. Donostian aurreko astean adostutako akordioari esker, euskarazko Wikipediaren sustapena bilatzen duten lagunek proiektu zehatz bat garatuko dute 12 eta 16 urte bitarteko ikasleentzat baliagarriak izan daitezkeen 1.000 artikulu baino gehiago sustatzera bideratuta. Prozedura zehatz eta landu bati jarraiki garatuko da proiektua, «auzolan erraldoi bat» sustatuz unibertsitateekin, kultur eragileekin eta Lanbide Heziketako zein Batxilergoko ikasleekin batera.

Jaurlaritzak urtero 200.000 euro inbertituko ditu hiru urtez luzatuko den proiektuan (guztira 600.000 euro), «egitasmo estrategikoa baita euskara ingurune digitalean eta gazteen artean sustatzeko konpromisoa betetzeko», Bingen Zupiria Eusko jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Galder Gonzalez Euskal Wikilarien Kultur Elkarteko kideak aurkezpenean azaldu zutenaren arabera.

Beraz, proiektuaren bereizgarri garrantzitsuena kalitatea izan beharko denez, 'Kalitatezko 1.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat' izango da Euskal Wikilarien Kultur Elkarteak gidatuko duen proiektua honen izenburua. Helburua 1.000 artikulu inguru ateratzea zen, baina atal bakoitzean ikasten dena ikusita, argi dago lehen xede hori gaindituko dela.

Eta zeintzuk dira landuko diren gaiak? Hautatutako gai horiek 15 esparru ezberdinetakoak dira: Matematikak (100 artikulu); Geografia eta Historia (300); Hizkuntzak (50); Ekonomia Ekintzailea (100); Plastika eta Ikus-entzunezkoak (150); Biologia eta Geologia (200); Kultura Zientifikoa (50); zeharlerroa: Emakumea eta Generoa (70); Kultura Klasikoa (100); Musika, Dantza eta Antzerkia (150); Fisika eta Kimika (150); IKTak (40); Literatura (50); Filosofia (50), eta Gorputz hezkuntza (50).

70.000 artikulu irakurtzen dira egunero euskaraz

Wikipediak milioika artikulu ditu munduko 300 hizkuntzatan. Euskarazko Wikipediak wikilarien komunitate sendo eta zorrotz bat du atzean, eta, horiei esker, 284.000 artikulu baino gehiago daude plazaratuta. Dena den, artikulu kopuruaren arabera munduko 31. hizkuntza izan arren, euskarazko Wikipediak badauka zer hobetu.

Kontuan izan behar da funtsezko tresna bilakatu dela ikasleentzat eta horrek ardura handia eskatzen duela. Izan ere, Wikipedian 70.000 artikulu irakurtzen dira egunero euskaraz. Aurkezturiko proiektua baliagarria izango da euskal hizkuntzako Wikipediak aurrerapauso sendo bat emateko kalitatearen ikuspegitik.

«Munduko entziklopediarik irakurriena da Wikipedia. Orain dela 16 urte sortua, munduko 300 hizkuntzatan argitaratzen da. Euskarak ere badu bere lekua hauen artean, ez nolanahikoa gainera: artikulu kopuruari dagokienez, munduko 31. hizkuntza da. Beste hainbat lekutan bezala, ikasleak dira hauen irakurlerik fidelenak eta ezinbesteko tresna bilakatu zaie. Gaur aurkezten dugun proiektuaren bitartez, euskarazko Wikipediaren kalitatea hobetzen lagundu nahi dugu, baita ikasleentzako tresna bezala duen eraginkortasuna ondu ere», azaldu du Zupiriak.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos