http://static.elcorreo.com/www/multimedia/201707/04/media/zabalik-logo-ec.jpg

Ikasle berrientzako plazen %91 bete ditu EHU-k matrikularen lehen fasean

Ikasle batzuk, Unibertsitateko plaza libreak ezagutzeko itxaroten.
Ikasle batzuk, Unibertsitateko plaza libreak ezagutzeko itxaroten. / P. Urresti

Eskainitako 8.634 plazetatik, 7.839 ikasle matrikulatu dira unibertsitateak hiru campusetan eskaintzen dituen 87 graduetako lehenengo mailan

ELCORREO.COM

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) 2017-2018 ikasturteko ikasle berriei eskainitako 8.634 plazen %91 bete da onarpenaren lehenengo fasean, hau da, matrikularako uztaileko epean 7.839 ikasle matrikulatu dira unibertsitateak hiru campusetan eskaintzen dituen 87 graduetako lehenengo mailan.

Matrikularen lehen epean plaza guztiak bete dira 31 gradutan eta beste titulazio asko betetzear daude, matrikula baldintzatuen ebazpenaren zain -beste unibertsitate publiko baten erantzuna jaso behar duten ikasleek matrikula baldintzatua egingo dute-.

UPV/EHUk jakinarazi duenez, momentuz, gutxieneko notarik altuena izan duten graduak hauek dira: Fisika eta Ingeniaritza Elektronikoko gradu bikoitza, 12,882; Biokimikako eta Biologia Molekularreko gradua, 12,550; Medikuntzako gradua, 12,344; Bioteknologiako gradua, 12,194; Odontologiako gradua, 11,791; Fisikako gradua, 11,546; Fisioterapiako gradua, 11,396; Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako eta Zuzenbideko gradu bikoitza, 11,055; Erizaintzako gradua (Bizkaia), 11,050, eta Ingeniaritza Elektronikoko gradua, 10,659.

Oraindik, uztaileko hiru epeen ondoren, irailean matrikulatzeko hiru epe geratzen dira ere bai: laugarren deialdia, irailaren 4an eta 5ean; bosgarrena, irailaren 8an, eta seigarrena, irailaren 18an. Epe horietan, Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazio proba ezohiko deialdian gainditutako ikasleek matrikula egingo dute.

Araceli Garin Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko errektoreordeak nabarmendu duenez, «titulazio gehienak iazko ikasturteko gutxieneko notak baino handiagoekin edo antzekoekin itxi dira eta horrez gain, titulazio guztietan espediente akademiko bikaineko ikasleek eman dute izena. Bestalde, azpimarratzekoa da «Automobilgintzaren Ingeniaritzako Gradu berriak harrera oso ona izan duela, baita Haur Hezkuntzako Graduko hiru eledunak ere».

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos