http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

San Ignazio Loiolakoaren kaleko obrak hasi dira

Yarritu SA enpresari esleitu zitzaizkion lanak, 1.424.106,12 euroan.

I.AGOTE

Hasi dira San Ignazio Loiolakoaren kalea eraberritzeko obrak Zehazki, bidearen alde batean aparkatutako ibilgailuak kendu dira, eta inguruko zenbait zuhaitzekin lanean hasi. Hurrengo egunetan, areagotu egingo dira lanak, Iparraldeko parkearen inguruko eremuan. Urtaranen gobernuak bultzatutako jarduera horren bitartez, kaleko espaloiak zabaldu nahi dira, oinezkoak erosoago ibiltzeko, bidegorria egin, eta puntako orduetan gertatzen diren trafiko-pilaketak gutxitu. Yarritu SA enpresari esleitu zitzaizkion lanak, 1.424.106,12 euroan. Obrak egiteko epea sei hilabetekoa izango da.

“Espazioa modernizatzea, atseginago bihurtzea eta oinezkoen zirkulazioa hobetzea da esku-hartzearen helburu nagusia. Orain, espaloiak estuak dira, eta hainbat trafiko-arazo sortzen dira puntako orduetan”, azaldu du Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Iñaki Prusillak.

Kale horrek —gutxi gorabehera 230 metro luze da— irisgarritasun-arazoak ditu, eta oso itxura zaharkitua. Espaloiak oso estuak dira, eta bertatik bi ikastetxetako erabiltzaile ugarik igaro behar izaten dute. Bestetik, trafikorako bide garrantzitsua da, Erdi Aroko hirigunearen iparraldeko mugatik baitoa, eta leku nahiko mugatuan autoek eta autobusek zirkulatzen dute. Gainera, gero eta bizikleta gehiago ibiltzen da kale horretatik, Arriagako atearen eta Legutianoko atearen arteko lotura baita.

San Ignazio Loiolakoaren kaleko zoladura ere egoera txarrean dago, txaplatak, bigunguneak eta arrakalak baititu. Espaloiak 2,50 metro zabal dira, eta bi aldeetan dauden zuhaitzek mugatu egiten dute zati erabilgarria. Kaleak ibilgailuentzako bi errei ditu, zirkulazioaren noranzko bakarrean. Aparkatzeko bi lerro ere baditu. Nabarmendu beharra dago kalean autobus-geltoki bat dagoela, eta horrek kaosa sorrarazten duela puntako orduetan eta autobusek aparkatzeko maniobrak egiten ari diren ibilgailu pribatuak topatzen dituztenean.

Inguruko auzokoek planteatutako esku-hartzearen bidez, Udalak espazioak birbanatuko ditu. Batetik, aparkalekuak kenduko dira galtzadaren bi alboetan, zamalanetarako lekuak izan ezik. Mugikortasun murriztuko pertsonentzat bi aparkaleku utziko dira, eta 15 minutuz aparkatzeko zenbait geraleku.

Bi zuhaitz-ilara ere kenduko dira, fatxadetatik oso hurbil baitaude, eta Iparraldeko parkeko parterrearen zati bat atzeratu egingo da, leku gehiago izatearren. Lan horiek espaloiak lau metrora zabaltzea ahalbidetuko dute. Horietako batean bidegorri bat jarriko da.

Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Sailak egindako proiektuak zoladura eta galtzada aldatzea eta drainatze-sarea, hustubideak eta saretak berritzea aurreikusten du. Bide batez, Udalak bilketa pneumatikorako sareak berrituko ditu: iparraldeko espaloian dauden ahoak hegoaldera aldatuko dira, bizitzetatik gertuago baitago, beste aldean bidegorria egin ahal izateko. AMVISAren saneamendu- eta hornikuntza-sarea ere osorik berrituko da, eta bidenabar, telekomunikazio-sarearen airetiko lineak lurperatuko. Argiteriari dagokionez, hobekuntza puntualak egingo dira, duela gutxi luminaria arrunten ordez led teknologiakoak instalatu baitziren.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos