http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Ideiak eta kopuruak

Eztabaidak ezberdin pentsatzen duenaren larruan jartzen lagundu beharko liguke

ARITZ GORROTXATEGI

Poztu egiten gara gu bezala pentsatzen duen norbaiten iritzia entzun edo irakurtzen dugunean. Haren gogoeta edo iradokizunekin bat gatozenean, gure sineste sendoak berrestu eta indartu egiten direla uste izaten dugu. «Nik esaten nuena», diogu ahopean (eta ez hain ahopean zenbaitetan), gu bezala pentsatzen dutenak gehiago izateak gure ideiak automatikoki bermatu eta balioztatuko balitu bezala. Eta, tamalez, sarritan hor geratzen gara, gehiago izatearen poz lausoan. Gehiengoan bilatzen dugu gure ideien onespena, gehiengoarekin erkatzen ditugu, gehiengoarekin aurrez aurre jartzen. Bestela esanda, kuantitatiboki neurtzen dugu haien indarra, ez hainbeste kualitatiboki. Izan ere, senean txertatua dugu gehiengoak esan edo egiten duena zuzena dela. Demokrazia, hain zuzen ere, horretan datza: gehiengoak dioena onartzean. Arrazoia ote duen edo zuzen ote dabilen, hori beste kontu bat da. Zorionez, hurrengo hauteskundeetan konpon dezakegu aurrekoan egindako hanka sartzea, nahiz eta batzuek beti aldarrikatzen duten kataklismoa.

Baina, ideiez ari garela, 'argumento ad populum' hori ere aski txertatuta dugu ideien alorrean. Nolanahi ere, ‘gehiengoak’ aldakorrak diren bezala, ideiak ere aldakorrak izan daitezke. Ideiak berez nekez izan daitezke absolutuak eta aldaezinak. Ideiak aldatu, garatu, zuzendu egin daitezke, baita pertsonak ere. Ideiak materiagabeak dira, baina ez da ahaztu behar nonbaitetik datozela, norbaitzuk mesedetu edo kaltetu ditzaketela. Edo axolagabe utzi. Ideia batzuk ez dira betiko, egoera eta jendea aldatzen delako, eta, horrekin batera, baita ideiak berak ere. Ideiek errealitatea izaten dute aurrean sarritan. Ideia batzuk eder askoak dira, baina nekez gauzagarriak. Zer gertatzen da, ordea, ideia batzuen pean urtetan bizi ostean, hurrengo belaunaldiari ideia horiek irrigarriak irudi-tzen bazaizkio? Zein da ideien helburua, helbururik baldin badute? Zein da ideiekin dugun harremana? Ideia bat aurrera eramateko edozer da zilegi ala badira muga jakin ba-tzuk? Zer dute lehentasuna, ideiek ala giza bizitzek? Bestalde, badira autonomoak ez diren pertsonak, ideia baten pean baino bizi ez direnak. Eta zergatik besarkatzen ditugu ideia batzuk eta ez besteak? Zerk lotzen gaitu ideietara, arrazoiak ala bihotzak? Gorrotoak ala maitasunak? Ala ohitura hutsak? Eta zer pentsatzen dugu guk bezala pentsa-tzen ez duen jendea parean dugunean? Haiek kuantitatiboki neurtzera jotzen al dugu?

Normalean, ideien gainean eztabaidan aritzen garenean, zertaz aritzen gara benetan? Balio al dute eztabaida eta debateek inoren iritzia aldatzeko ‘a priori’ak hainbeste garrantzi badu? Lagun, hizlari, tertuliakide edo ezein iritzi-emaile entzuten dugunean, gure ideien aldera jotzen badu berehala pizten zaigu enpatiaren bonbilla. Habia egiten dugu gu bezala pentsatzen duen horren hi-tzetan, eta ez gara harago joaten. Neurri handi batean, futbolzaleek bezala jokatzen dugu. Badakigu zein den gure taldea, eta horri eutsiko diogu amaiera arte. Zergatik? Gure taldea delako. Bestearen argudioak ez zaizkigu axola, bestearenak direlako. Oker dagoelako.

Unamunok biziki atsegin zuen eztabaida, Heraklitozale amorratua baitzen. Descartesen esaldi ospetsua bereganatu zuen bere erara: Eztabaidatzen dut, beraz banaiz. Azken batean, eztabaidak ezberdin pentsa-tzen duenaren larruan jartzen lagundu beharko liguke. Bilbotar pentsalariak irakurleen gutun eta iritziak jasotzen zituen, bere obrari buruzko iruzkinak egiten zituztenak. Bitxiki, norbaitek kontra egin eta aitortzen bazion ez zetorrela bat bere liburuan azaldutako ideiekin, Unamunok poz txiki halako bat hartzen zuen. «Sikiera nire liburuak pentsarazi egin dio… Ez da gutxi». Esaldi jakin batek, gogoeta batek, arrazoibide batek aldeko edo kontrako argudioak bilatzera bultza gaitzake, eta, horretan ari garela, urrundu egiten gara kopurutik, eta mamian sartzen. Hori da eztabaiden alde interesgarria: pentsatzera bultzatu gaitzaketela, ez bestea konbentzitzeareki n itsutzera.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos