Borrar
Idaztea, bizitzea

Idaztea, bizitzea

Maixa Zugastik iaz egin zuen agerpena euskal literaturan 'L.A.A.' izenburua zuen nobelarekin, eta oraingoan 'Ahotsak eta itzalak' argitaratu du

Javier Rojo

Sábado, 9 de junio 2018, 01:47

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Maixa Zugastik iaz egin zuen agerpena euskal literaturan 'L.A.A.' izenburua zuen nobelarekin. Orain, hasiera hori ez zela egun bateko kontua frogatuz, bigarren nobela plazaratu du: 'Ahotsak eta itzalak'. Gaia, gerran haur batzuek bizi izandako gertakari tragiko batzuen inguruan antolatuta dago. Gehiegi zehazten ez den gerra batean (ez dira datu gehiegi ematen gerrari buruz, lekuak ere nahikoa zehaztugabeak dira), bi anaiak (Luis eta Arturo) eta haien aitak muga zeharkatu dute egoitza batean aterpea hartzeko, ustez eta salbu egongo direla bertan. Atzean utzi dituzte ama eta arreba, laster haiekin elkartuko direlakoan. Dena dela, egoitzan ere arriskua dagoela ikusita, handik alde egin beharko dute. Argumentua oinarri hauen gainean eraikitzen da, eta gerran gertatu ohi diren krudelkeriak azaltzen dira narrazioan zehar. Baina gaia bezain interesgarria da idazleak hau guztia kontatzeko erabili duen prozedura.

Narrazioa hainbat mailatan garatzen da. Lehenengo eta behin, gerran bizi izandako gertakariak ditugu, narrazioan Arturoren ikuspuntutik kontatuak. Baina gertakari horien berri ematen dituena ez da Arturo, Luis heldua baizik, Arturoren lekuan jarrita. Horrez gain Luisen emazteak istorio hori interpretatu eta osatu egingo du. Gauzak aurkezten diren bezala, gertatutakoa, idatzitakoa, gogoratutakoa eta interpretatutakoa nahasi egiten dira narrazio konplexu honetan. Eta konplexutasun horrek berak adi egon behar duen irakurlea eskatzen du, momentu bakoitzean zein mailatan dagoen ahantz ez dezan. Izan ere, benetan gertatutakoa eta horren gainean idatzitakoa guztiz bat ez datozenean, oroimenak huts egiten duenean, idazketa gertakariak gordetzeko lanabes nagusia bezala aurkezten da, oso fidagarria izan ez arren, zeren idazten den neurrian historia bera osatzen baita, hein handi batean historia berrasmatuz. Idazketak egia azaltzen duen modu berean estali ere egiten du, ezinbestez, idazketaren bidez agertzen zaiguna urte batzuk pasatutakoan oroimenean moldatzen den narrazioa baita.

Guztiz interesgarria da Maixa Zugastiren liburua, anbiziotsua literaturaren aldetik. Kontuan hartzeko moduko izen baten aurrean gaude, dudarik gabe.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios