http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Ibilgailuen abiadura kontrolatzeko kanpaina hasi da

ELCORREO.COM

Ohikoa denez, Bilboko Udaltzaingoak ibilgailuen abiadura kontrolatzeko kanpaina hasi du aste honetan. Ekintza hau Euskadiko Bide Segurtasunaren Plan Estrategikoaren barruan dago. Gidariek bolantearen aurrean duten erantzukizunaz jabetzea da helburua, bide segurtasuna bermatzeko asmoz, Bilboko Udalak jakinarazi duenez.

Horrela, udaltzainek egunero batez beste lau kontrol egingo dituzte kanpainak iraungo duen zazpi egunetan zehar, hirian baimendutako abiadura zenbat ibilgailuk gainditzen duten ikusteko. Era berean, radaretan ezarritako muga gainditzen dutenak salatuko dituzte.

Kasu batzuetan, unean bertan emango diote arau-hausleari muga gainditzearen berri, kanpaina dibulgatzailea delako eta gidariek erantzukizuna hartzeko; beste batzuetan, aldiz, jakinarazpena etxean jasoko dute.

Bestalde, Bilboko Udaltzaingoaren Koordinazio eta Trafiko Sailak jasotako datu guztiak taula batzuetan sartuko dira, estatistikak egite aldera, eta datuak horretarako aurrez ezarritako adierazle batzuetara egokituko dira.

Ibilgailuen abiadura kontrolatzeko lau kanpaina egin ziren iaz. Udaltzaingoak kontrolatutako 461.480 ibilgailuetatik 1.032 salatu zituen, hau da, guztien %0,22. Kanpaina honetan ere kontrolak goizez eta arratsaldez jarriko dira Bilboko zirkulazio sarean, kokapena dela-eta gidarien segurtasunaren ikuspegitik arriskutsuak gerta daitezkeen lekuetan.

Temas

Bilbao

Fotos

Vídeos