Borrar

Ibilgailu elektrikoak azkar kargatzeko bi gune berrik urtebetez doan kargatzeko aukera emango dute Bilbon

Leizaola Lehendakaria etorbideko 5ean eta Elcano kaleko 9an egongo dira

elcorreo.com

Miércoles, 9 de mayo 2018, 20:03

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Elektrolinera edo ibilgailu elektrikoak azkar kargatzeko bi gune aurkeztu dituzte asteazken honetan Bilbon. Leizaola Lehendakaria etorbideko 5ean eta Elcano kaleko 9an egongo dira urtebetez doako zerbitzua eskainiko duten elektrolinerak. Bilboko Udalak eta Iberdrolak urtarrilaren 15ean sinatutako lankidetza hitzarmenaren ondorioa da ekimena.

Alfonso Gil Bilboko alkateorde eta Mugikortasun eta Iraunkortasun Saileko zinegotzi ordezkaria eta Eduardo Insunza Iberdrolako Bezero Handien zuzendaria egon dira bi gune berrien aurkezpenean.

Gilek adierazi du bi elektrolinera berriekin urratsa ematen dela hiriko mugikortasun eredua aldatzeko. «Gero eta garraiobide elektriko gehiago egotean, eraginkortasun energetiko handiagoa lortzen da eta, ondorioz, Bilboko airearen kalitatea eta jasangarritasuna hobetzen dira», gaineratu du.

Bere aldetik, Insunzak azpimarratu du nornahik kargatu dezakeela erraz bere ibilgailu elektrikoaren bateria sakelako telefonotik jaitsi daitekeen 'Karga Publikoa Iberdrola' aplikazioari esker. 50 kW-tan karga daiteke, hau da, gaur egungo auto elektriko gehienek onartzen duten potentziarik handienean.

Emisioak gutxitzeko sistema berriak abiarazteko asmoz, Bilboko Udalak hiri lurra laga dio Iberdrolari, elektrolinera berri biak jartzeko, eta azpiegitura arloko beharrezko lan guztiak egin ditu ekipoen funtzionamendurako. Iberdrolak, aldiz, ekipoak jarri eta bere gain hartu ditu gestioaren kostuak hitzarmenak indarrean dirauen arte, baita lehenengo urtean egiten diren karga guztien gastua ere.

Era berean, kargak behar bezala nola egin jakin nahi duten taxistentzako eta Bilboko Udaleko zerbitzuetako langileentzako erakusketak egiteko asmoa dauka Iberdrolak. Bilboko Udalaren eta Iberdrolaren arteko hitzarmena indarrean egongo da 2020ko abenduaren 31ra arte eta besterik gabe berrituko da urtez urte, harik eta alde bietako batek bestelakorik adierazi arte.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios