http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Hutsetik hasi

Liburuaren azala./
Liburuaren azala.

Felipe Juaristiren eskutik datorkigun 'Iraganik gabe' nobela laburra irakurle gazteei zuzendutako bilduma batean argitaratu bada ere, helduentzako literaturaren barruan ere koka liteke

JAVIER ROJO

Felipe Juaristiren eskutik datorkigun 'Iraganik gabe' nobela laburra irakurle gazteei zuzendutako bilduma batean argitaratu bada ere, euskal irakurlegoarekin zer gertatzen den ikusita, helduentzako literaturaren barruan ere koka liteke. Misterio batekin hasten da liburu honen argumentua. Gizon bat ospitale abandonatu baten itxura duen leku batean esnatzen da. Ez daki nor den. Oroimena hutsik dauka. Pertsonaiarengan misterioa dago, eta honi dagozkion gertakariak kokatzen direneko ingurua ere misterio laino batek estaltzen du. Non dago pertsonaia? Noiz kokatu behar dira gertakariak? Dena zehaztugabea baita.

Istorioaren lehenengo zati horietan, Felipe Juaristiren idazlanak azken bolada honetan gazte helduen artean hainbeste famatu diren distopien zenbait ezaugarri hartzen dituela dirudi. Izan ere, pertsonaiak mugitzen diren munduak erasokorra ematen du, baina ezaugarri hau zehazki nondik datorren azaldu gabe. Pertsonaia misteriotsuak, bestalde, hainbatetan Frankenstein doktorearen munstroa ekartzen du gogora, besteak beste, neskato batekin topatu eta harekin harreman berezia eraikitzen baita bien artean. Frankensteinen munstroaren antzekotasuna, dena dela, ez da gehiegi garatzen istorioan. Nobelaren erdialdean edo argumentuan lauso gelditzen ziren elementuak hasten dira argitzen, eta distopiaren aztarnak moteltzen dira. Une horretatik aurrera, intriga poliziakoaren izaera nabarmentzen da, argumentuan ilun geratutako zenbait alderdi zeharo argitzen ez badira ere.

Felipe Juaristik ezin du narrazio bat idatzi, sinplea bada ere, istorio horretan hausnarketara bultzatu dezaketen osagai sakonak bertaratu gabe. Eta horixe gertatzen da hemen. Iraganik gabe, oroimenik gabe, agertzen den pertsonaia zein puntutaraino da oroimena galdu baino lehenagoko izakiak egin zituenen arduradun? Hutsetik hasi daiteke bizitzan ahanzturaren eragina zabaltzen den bitartean? Nobelan ez dira ideia hauen ondorio politikoak garatzen, baina irakurleak halaxe egin nahi balu, gure egoeraren alegoria izango balitz bezala irakur lezake testua. Dena dela, ez da beharrezkoa honelako irakurketa alegorikoa egitea, istorioa bere horretan interesgarria da-eta.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos