http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg
Harizpetik

Hordago joka

Carles Puigdemont eta Artur Mas./EFE
Carles Puigdemont eta Artur Mas. / EFE

Kataluniako egoera politikoa erabat ari da nahasten, behin betikoa behar ukeen galdeketa egiteko eguna hurbiltzen den neurrian. Elkarrizketaren eta eskaintza zehatzen ordua da, konponbideak bilatzekoa

Joseba Arruti
JOSEBA ARRUTI

Urriaren 1a da Katalunian maila politikoan gertatzen ari diren guztiak erabat baldintzatzen dituena. Ustez egun horretan egin beharko litzateke independentziaren inguruan erabakitzeko azken galdeketa, baiezkoak irabaziz gero ia berehala Errepublika berri baten sorrera ekarriko lukeena. Eta asko dira helburu horren bila dabiltzanak, bertako gizartean Estatu independente baten sorreraren alde dihardutenak. Gehiengo osoa lortu zuten Parlament-ean plebiszitu itxurako azken hauteskunde autonomikoetan, 2015eko irailaren 27an: 135 parlamentaritik 72 —Junts pel Sí-k 62 eta CUP-ek 10—. Azken hauen jardunak, baina, prozesua zaildu besterik ez du egin, Artus Mas presidente gisa aldatu behar izatetik hasita. Hala, hain muturrean daudenek dena baldintzatzeko horrenbesteko eragina dutenean, aniztasunaren kaltetan izan ohi da, sektore berriak prozesu independentistara erakartzeko hainbat oreka gorde beharra baitago, jatorri eta ideologia askotakoak oinarrizko xede partekatu baten alde biltze aldera.

Independentziaren aldekoek hor dute arazo nagusienetakoa, ganbera legegileko gehiengo osoa botoetara eramaterik izan ez zutelako. %77,4ko parte-hartzearekin, Espainiatik bereiztearen aldekoek %47,8 batu zuten. Baliteke zenbait baldintza betez gero Ada Colau eta Podem-en ingurukoren batzuek behin betiko galdeketa egitekotan baiezkoa ematea, baina oraingoz ikusteke dago. Dena den, independentismoak gorakada itzela izan du Katalunian azken urteotan. 2005ean %15ek baino ez zuen urrats hori egin nahi, eta hamar urtetan ia erdiraino igo da aldekoen kopurua. 2006ko martxotik 2012ko irailera bitartean jazo zen gorakadarik handiena, sei urteotan independentismoari emandako babesa abiapuntukoaren halako hiru izateraino hazi baitzen. Eta epe horretan oso nabarmenak izan ziren hori ahalbidetu zuten osagai politikoak: Estatut berriaren inguruan Auzitegi Konstituzionalak landutako ebazpena eta itun fiskalaz hitz egiteko Espainiako Gobernuaren borondate eza, batik bat. Horien eraginez, oinarrizko zenbait ezaugarri eraginkortasunez babestekotan ahalik eta burujabeen izateko eta, krisi garai batean, ekonomikoki hobera egiteko bakarka aritzea onetsi dute gero eta kataluniar gehiagok.

Sutzar hori piztu eta elikatzeko, Mariano Rajoyren Alderdi Popularraren jokabidea funtsezko erregaietakoa izan da. Ezezko borobila eman zion Estatut berriari, 2006ko uztailean Auzitegi Konstituzionalean helegitea aurkezteraino. PPk ‘bidegurutze historikoa’ iritzi zion horren inguruko erabakiari, auzitan jarritakoa ‘Konstituzio paraleloa’ ei zelako eta ‘Estatu eredua alde bakar baten ekinetik txikitzen’ omen zuelako. Muturreko kanpaina egin zuten popularrek orduan, demagogia zenbatgura baliatuta, kataluniarren nortasuna bera erasotuta. Gainera, horretan ari zirela, hain arriskutsutzat jotzen zutenaren edukietako asko nagusi ziren zenbait erkidegotako estatutu berrietara eraman zituzten, hitzez hitz, lotsarik gabe. Espainiar esentzialismoa astindu zuten euren mesedetan, Katalunia bor-borka jartzeraino. Eta gaur egungoa bere osotasunean ulertzeko, alde politiko eta baita psikologiko guztiak ere aintzat hartzeko, ordura arte jo behar da. Geroztik, gainera, PPk ezer gutxi egin du hura konpontzeko, kataluniar gehienengana nolabait hurbiltzen saiatzeko, Estatuko lurralde eredua erreformatu, eguneratu, malgutu eta nazio izaerako erkidegoen eskaerak bideratzeko. Bestelakoetan bezala, ezer ez egitea iruditu zaio Rajoyri politikarik egoki eta eraginkorrena, baina egonean geratzen diren arazo sakonak usteldu baizik ez dira egiten azkenean.

Independentziaren alternatiba bakarra egungoan jarraitzea omen da, Gobernuaren jarrerak islatzen duenez. Kataluniako gizartearen zati handi baten ezinegonak, baina, erantzun politiko zehatzak behar ditu, konpromiso historikoak. Espainia ez da demokraziarako, askatasunerako eta aniztasunerako eremu posible bakarra, areago hor dauden zenbait lurraldetako herritarrei eroso egoteko modurik eskaintzen ez bazaie. Kataluniak eta Euskadik oso ezaugarri bereziak dituzte, eta nazio politikotzat aldarrikatzen dituzten gehiengo zabalak. Errealitate horretatik abiatzen ez direnek huts egingo dute behin eta berriz, uniformetasunaren aldeko pultsioek banaketarako prozesuak bizitzen baitituzte. Kataluniarrei dagokie euren etorkizuna erabakitzea, baina badago borondate kolektibo horretan eragiterik, hango gehiengoak gura duena izan dezan borondate onez eta ikuspegi zabalez ahalegintzerik. Eta Konstituzioaren 155. artikuluaz hitz egiterakoan ahoa berotzen zaien horiek, sakoneko arazo politikoari benetan aurre egitekotan, hobe lukete elkarbizitzarako proposamen ausart eta goi mailakoak egitea.

Independentziaren aldekoek, ostera, euren mugak hartu behar dituzte aintzat, populazioaren gehiengo benetan erabakigarria euren ingurura biltzeko dituzten zailtasunak. Eta horiei aurre egiteko modu bakarra aniztasunaren eta zeharkakotasunaren aldeko apustua areagotzea da, Katalunia barruko adostasunak zabaltzea. Zenbat eta indartsuagoak diren alde horretatik, orduan eta aukera gehiago izango dituzte frustrazioa ez den beste zerbait eskaintzeko, benetako jauzi bat ahalbidetzeko. Badira bertako gizarteko hainbat sektore independentziaren aurrean zuhur jokatzen dutenak edo horrekin kritiko direnak baina erabaki eskubideaz eta burujabetza prozesuan aurrera sendo jo beharraz zalantzarik ez dutenak. Horiekin lankidetzan jardutea ezinbesteko izan daiteke nazio gisara agertu eta Espainiako Gobernuaren estrategia inmobilistak lotsagarri utzi eta aldarazteko. Denbora asko joan da alperrik: mokoka, inkomunikatuta, elkarri lepoa emanda. Baina, ziurrenik, errealitateak ezartzen dizkien mugak gainditzearren, politikoki alde guztiei komeni zaie berba egitea. Horretarako, haatik, jokaleku berri bat behar da, nazio izaerako erkidegoei begirako keinu eta egitatezkoa, eredu autonomikoa benetan moldatu eta egokitzeko borondatezkoa. Estatuaren benetako izaera nazionanitza behingoz aitortzekoa, alegia.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos