http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

«Une honetan euskararen erabileran aurrerapauso handiak emateko baldintza guztiak ditugu»

Kike Amonarriz, telebistako aurkezlea./EiTB
Kike Amonarriz, telebistako aurkezlea. / EiTB

Kike Amonarriz euskal sozio-linguista, umorista eta telebistako aurkezleak hizkuntza sustatzeko 'Euskaraldia' ekimena aurrera eramango du

IZASKUN MOYANO

Jakina da euskara hizkuntza oso zaharra dela eta bere historian gora behera handiak jasan behar izan dituela. Egun, euskaraz aske mintzatzeko aukera dagoen arren, hainbat izan dira iraganean gainditu izan behar zituen oztopoak. Gertakariok hiztun kopuruan eragin zuzena izan dute. Diktadura garaian, adibidez, euskaraz hitz egitea debekatuta zegoen eta erabilera askoz urriagoa zen. Egun ordea, gaztelaniarekin batera Euskal Herriko hizkuntza ofizial gisa, gero eta gehiago dira hizkuntza zaharrean mintzatzeko erabakia hartu dutenak. Zoritxarrez, izan gaitezkeenak baino euskal hiztun gutxiago gaude.

«Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek erabiltzen ez dutelako baizik». Badirudi J.A. Artzeren hitzak barruraino gogor sartu zaizkiola Kike Amonarriz (Tolosa, 1961) Euskal Filologian lizentziatutako sozio-linguista, umorista eta telebistako aurkezleari. Izan ere, joan den maiatzetik abian jarri du 'Euskaraldia' izeneko proiektuan parte hartzen du. Honen bidez, herritarrak euskaraz hitz egitera bultzatu eta hizkuntzaren erabilera aktibatzea bilatzen du.

Euskararen historian lehendabizikoz Jaurlaritza eta Euskalgintzako kideek batera sustatutako ekimena da 'Euskaraldia'. Guztiek, herritarrek hizkuntza zaharrean mintzatzerako orduan duten portaera aldatu, eta era berean inertziak apurtzea dute xede. Honetarako, nahi duenak 'Ahobizi' zein 'Belarriprest' gisa aritu daiteke. Lehendabizikoen papera hartzekotan, euskaraz mintzatzeko erantzukizuna hartu behar da, nahiz eta zuzentzen zaion hartzaileak gaztelaniaz erantzun. Bigarrena izatekotan, euskaraz aise ez moldatu arren, hizkuntza zaharrean komunikatzeko ahalegina egin behar da.

«Euskaren normalizazio prozesua oso luzea da» aipatu du linguistak, eta oraindik bidean aurrera goazen arren gutxika- gutxika emaitzak ikusten ari gara . Izan ere, duela 25 urte lau gaztetik batek soilik zekien euskaraz hitz egiten. Egun ordea, emandako pausuei esker lautik hiru dira euskaraz mintzatzeko gai direnak. Beraz, beste erronka bat dugu begien aurrean: hizkuntza ezagutzetik hau erabiltzera bultzatzea. Batzuen gurasoek erdaldunak izan daitezke eta beharbada ez dute euskaraz mintzatzeko gaitasun bera, eta ondorioz lotsatu egiten dira. Beraz, ezinbestekoa da hauek motibatzea.

«Hizkuntza ez erabiltzeko arrazoi nagusia ohitura falta da», adierazi du Amonarrizek. Hori dela eta, «egoeraz jabetu eta erabakiak hartzen hasi behar dugu». Adibidez, lehendabiziko hitza euskaraz esanda, beste batek erdaraz erantzunez gero, ez da gaztelaniara salto egin behar; euskaraz mintzatzen jarraitu behar da lasai. Zorionez, «gizartea oro har, hizkuntzaren normalizazio honen alde dago eta egun giro sozio-politiko paregabea dago». Lanean jarraituta, urte batzuk barru euskal gizarteak euskaraz mintzatzen jakingo du. «Nire ustez, ezagutzaren unibertsaltasuna ekarriko du erabilerak», aipatu du ziur. «Gaur egun euskara sustatzeko baldintza guztiak ditugu eta aukera historiko hau aprobetxatu behar dugu».

Euskara, hizkuntza gutxituentzat inspirazio

Munduan egun, 7,000 hizkuntza inguru daude. Hiztun kopurua aintzat hartuz 0tik 10era bitarteko eskala batean Txinera 10ean legoke, gehien hitz egiten den hizkuntza delako. 0an aldiz, aurreko astean desagertu berri den Amazoniako tribu baten hizkuntza kokatuko litzateke. Euskara, gezurra badirudi ere, 9tik gora dago, milioi bat hiztun baino gehiagorekin. Izan ere, artikulu gehien idatzi diren 31. hizkuntza da gurea.

Gutxitua bada ere, aurrera doa eta bizirauten ari da egungo gizartean, herritarrek egindako esfortzuaren ondorioz. Horren dira handiak bere normalizazio prozesuaren alde emandako pausoak, non gainontzeko hizkuntza gutxituek inspirazio iturri gisa hartzen dute. Horrez gain, atzerrian bizi den jende askok ere euskararekiko jakin min itzela du, arbasoen kultura izatearren edota auskalo beste hainbat arrazoi direla medio. Dena den, guztiek «euskaldunok gure hizkuntza eta kultura bizirik mantentzeko egiten dugun elkarlana miresten dute».

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos