http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Hondakin-edukiontziak jarriko dira Neguri eta Zugatzarten

Gobernuak erabaki du gune hauetan udalerriko gainontzeko tokietako bilketa eredu berdina ezartzea

ELCORREO.COM

Aste honetan hasiko dira hondakin-edukiontziak ipintzeko lanak Neguri eta Zugatzarten. Azken asteetan bi eremu horietan egindako azterketak amaituta, Hondakinak Kudeatzeko Foroak erabaki du Neguri eta Zugatzarten etxez etxeko bilketa sistemaren ordez –hasiera batean proposatu zena-, udalerriko gainontzeko tokietan dauden edukiontziak ipintzea, irisgarritasun, jatorrian biltzeko aukera eta distantzia irizpide berberekin. Hondakinen Kudeaketarako Foroaren partaideak honako hauek dira: alderdi politiko guztietako ordezkariak, Udaleko teknikariak, zerbitzua ematen duen enpresako eta hondakinetan espezializatutako enpresa bateko kideak eta Ingurumena, kontsumitzaile eta merkataritza alorreko elkarteak.

Dena den, etxez etxeko bilketa egingo da hala nahi duten auzunetan; horretarako, hondakinen bilketa atezainen bidez eta kaleko edukiontziak kentzeko zerbitzuaz arduratzen diren enpresa bidez eta abar koordinatuko da, gaikako bilketa areagotzeko. Neurri hori aztertuko da beste Jabekideen Erkidego batzuetara zabaltzeko, horiek hala eskatzen badute, eta zerbitzu hori ematea bidergarria den jakiteko.

Joseba Arregi Hirigintza zinegotziak prentsaurrekoan azpimarratu duenez, «hiritarrei emandako hitza beteko dugu. Hasiera batetik esan genuen ez genuela zerbitzua ematen duen enpresak etxez etxeko bilketa proposatu zuen guneetako auzotarrek nahi ez zuten ezer inposatuko; proposamena sistema horrek estatuko beste hiri batzuetan lortutako emaitza bikainen ondorioa bazen ere. Auzotar-komunitateekin lan egin dugu beren laguntza eta konpromisoa lortzeko; batzuetan, aldeko erantzuna jaso dugu, baina azkenik, Hondakinak Kudeatzeko Foroaren irizpidea geure gain hartu eta udalerriko gainontzeko tokietan dagoen hondakin-edukiontzi sistema bera zabalduko dugu».

Lau frakzio mota

Izan ere, honako edukiontzi hauek jarriko dira: 53 errefusarentzat, 42 paper/kartoiarentzat eta beste 41 ontzientzat. Edukiontzi marroia ere, organikoa biltzeko, dagoeneko eskaria dagoen tokietan paratuko da eta apurka-apurka ipiniko da irletan, udalerriko gainerako tokietan bezala; asmoa da irla guztietan ipintzea. Guztira, 40 edukiontzi-irla edo -gune berri jarriko dira bi auzoetan, haietako batzuk gaur egun dauden toki berean. Irla edo gune bakoitzean lau frakzio mota (organikoa, paper-kartoia, ontziak eta errefusa) utzi ahal izango dira edukiontzietan, eta gune jakin batzuetan zazpi ere utzi ahalko dira (beira, olioa eta altzari/bazarreko gaiak gehituz), Getxoko beste toki batzuetan gaur egun egin daitekeen bezala.

Aldez aurreko fase bat egongo da, udalerriko gainerako tokietan bizi izan duten bezalakoa, edukiontziak ipini eta probatzeko, proposatuta irlak behin betiko doiturik lotu daitezen. Alde bakoitzean edukiontzien kokapena behin betiko finkatu ondoren, irisgarritasuna hobetzeari ekingo zaio horietan guztietan.

Aipatu bezala, barneko hondakin bilketa sistema propioa duten auzunetan –atezain hondakinak edukiontzietara eramaten dituzten enpresa, lorezaintza mantentzeko enpresa eta abarren bidez egiten dena, zerbitzuarekin koordinatuko da hondakinen entrega; hartara, ez dute zertan kaleko edukiontziak erabili behar. «Honela, bilketa zuzena egingo dugu auzune horietan, hala nahi badute eta bideragarria bada. Organikoen frakzioari dagokionez, denda eta taberna/jatetxeetara ere zabalduko dugu bilketa, kartoiarekin edo arrainaren bilketarekin dagoeneko egiten den bezala», nabarmendu du Arregik.

Horri esker, Getxon 464 irla izango dira eta guztira 2.341 edukiontzi jarriko dira, hau da, 2016ra bitartean egun daudenak bikoiztuko dira; eta hazkunde hori guztia birziklatzeko frakzioetan gertatuko da (funtsean, paper-kartoia, ontziak, organikoa, etxean erabilitako olioa eta beira).

Irisgarritasuna hobetzeko 2. fasea

Bestalde, gaikako bilketarako dauden edukiontzi-guneetan irisgarritasuna hobetzeko zereginarekin jarraitzen du Udalak. Lehen fase baten ostean, non 50 irletan esku hartu den, hiri-bilbean obra handiagoa behar duten irletan jardungo da, irisgarritasuna bermatzeko. Kasu horretan, Getxoko hainbat tokitan dauden 15 irla dira; lan horien lizitazioaren kostua 28.000€tik gorakoa da eta lanak amaitzeko epea hilabete batekoa.

Neguri eta Zugatzarteri dagokienez, bi aldeetan jarriko diren edukiontziak direla eta, uste da hirugarren fase batean 12 bat irletan jardun beharko dela, horien irisgarritasuna hobetzeko. Jarduketa hori, baina, oraindik aztertu beharra dago, bai teknikoki bai ekonomikoki.

Hondakinak Kudeatzeko Foroko partaideen lan partekatuaren ildotik, parte-hartzaile bakoitzak konpromisoa hartu du proposamenak aurkezteko, birziklatzea hobetu eta Getxok helburu duen erronkan aurre egiteko: 2022an hondakinen gaikako bilketaren %50era iristea, Europako Araudia betez.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos