http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

hogei urte

Demagun mende honetako 2030eko hamarkadan gaudela. Europar Batasuna pikutara joan da. Pezeta zaharra berriro indarrean dago

Roberto Moso
ROBERTO MOSO

Demagun mende honetako 2030eko hamarkadan gaudela. Europar Batasuna pikutara joan da. Pezeta zaharra berriro indarrean dago. Orain gure zorrak ez daude alemaniarren eskuetan, orain Asiak agintzen du eta Asia gupidagabeak ez du barkatzen.

Orain inor ez da 'krisiaz' mintzatzen, ekonomia bera zuloan dago eta Estatuak ez ditu betetzen oinarrizko zerbitzu sozialak ere. 'Ongizatearen estatua' aitonaren kontua bilakatu da.

Azken hauteskundeetan El Pueblo en Pie izan da garaile. Inori ez zaio inporta ezkerra hala eskuina diren. Boterean daude premiazko neurriak agindu dituztelako. Jana, osasuna, heziketa, erretiro-pentsioak eta antzeko zerbitzuak berreskuratzeko taxuzko neurriak.

Iraganaldian ohikoak ziren errezetak, dagoeneko ez dira bidezkoak. Aberatsek ondareak ‘legalki’ urrutiratzen ikasi dute aspaldian eta euren paradisuak gure infernua ekarri du.

Kolokan dauden aberastasunen artean ondarea dugu. Prado Museoan erakusten diren harribitxiak, adibidez, ez dira jada ukiezinak. Herrialde exotiko baten xekeak munduko museorik handiena eta garrantzitsuena ireki nahi du basamortuan. Bere desiraren helburuen artean Diego Velázquezen ‘La Meninas’ dago. Pintura preziatu honen truke, Estatuak duen zorraren interesak ordaintzeko prest dago. Gezurra iruditu arren, egoera honetan, halako salmenta batek ez du eskandalu handirik erakartzen. Autonomia-erkidegoetan espainiarren arazotzat hartzen da eta erretirodunen artean, esate baterako, oso argi dago zeintzuk diren lehentasunak.

Hori bai. Salduko diren margolanen ordez, kopia perfektuak jarriko dira. Horretarako Sor Ángela-ren zerbitzuak kontratatu dituzte. Moja hau oso ospetsua bihurtu da telebistari esker. Bere kopiak horren zehatzak dira, mundu osoan oihartzuna lortu dute. Hasiera batean, lekaimeak ez daki bere lan berriaren jomuga. Baina esku artean duen zereginaz jabetzen den heinean, zerbait apurtuko da bere baitan, ordura arte zituen printzipio guztiak zalantzan jartzeraino.

Beste distopiak ez bezala, ‘La Autora de la Meninas’ antzezlanean kontatzen zaiguna guztiz kezkagarria egiten zaigu. Deskribatzen den egoera, hurbila bezain sinesgarria da, antzokia mutu lagatzerainokoa.

Eskerrak Sor Angelaren papera Carmen Machiren eskuetan dagoela eta Ernesto Caballeroren antzezlana, sakona izateaz gain, komedia adimenduaren mugetan kokatzen dela.

Aitortu behar dut, antzerkira joaten naizen gehienetan ez naizela horren pozik aretotik irteten. Gehiegitan oholtza gainean gertatzen dena, nahiz eta teknikoki akatsik gabea izan, nigandik urrutiegi sentitzen dut. Zinemarekin ere gerta daiteke –eta gertatzen zait– baina horrelakoetan, musika, argazkia, paisaiak... lagungarri izaten dira pilula garratza irensteko orduan. Baina antzerkian, hor goian kontatzen didatena erakargarria ez denean, minutu bakoitza amaibakoa egiten da.

Baina egun batean, agian gutxien espero duzunean, magiarekin egiten duzu topo berriro. Hor daude aktoreak, gidoilariak, eszenagileak, zuzendaria, entzuleak... denak elkarturik ongi afinatutako orkestra bailiran zure zentzumenak asetzeko, ekitaldia amaitu eta gero zure baitan hausnarrean jarrai dezazun, zure bizitzarekin zerikusi zuzena duen zerbait dela sentiarazteko. Hori guztia sumatu nuen Santurtziko Serantes Antzokitik ateratzean. Eta nabaria zen, ez nintzen bakarra.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos