Borrar
Guggenheim museoa, obretan. B. Corral
HOGEI URTE

HOGEI URTE

Joseba Arruti

Miércoles, 30 de agosto 2017

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Urteak lepo gainean pilatzen diren heinean denbora azkarrago doala ematen du. Iragandakoak ezarritako erreferentziaren eraginezko bertigoa izan daiteke horren bultzagileetako bat, bizitzari eutsi nahia edo. Bi hamarkada epe luzea dira gizakion ibilbidean, baina ezer gutxi hirienean. Etor daitekeena neurriren batean sumatu eta luzaroko hainbat inertzia aldatzen hasteko besterik ez dute ematen. Prozesu historiko hori, baina, zeharo azkartzen da gutxi batzutan; jazotakoa apartekoa denean, inguruan duenari modu ezohikoan eragiten dionean.

Horrenbesterainokoa izan da Guggenheim museoak Bilbori hogei urtetan egin dion ekarpena. Ateak zabaldu zituen urriaren 18 hura baino lehenagotik ere nabaria zen ez zela hiriaren eraldakuntza prozesuko beste pieza soil bat izango, bazuela kutsu benetan berritzailea, mundu mailan aintzat hartua izateko modukoa. Titaniozko piezak ez zirela inguratzen zirenak besterik gabe txunditzekoak, errealitate berri bat islatzekoak baizik.

Inor gutxik sinesten zuen orduan honelako zerbaitetan. Onespenik eza pairatuta talde txiki batek izan zuen aurrera begiratzeko ahalmena, bestelako hiri bat irudikatu eta hori, gainera, kulturarekin lotzekoa. Hari hauskor hartatik tiraka ahalbidetu zen finantzabidea, aukeratu ziren kokagunea eta Frank Gehry, sozializatu zen proiektua. Han zegoen fenix hegaztia zelatan. Hura zen Bilbo berriaren bihotza.

Eta hogei urteok arrakastaz betetakoak izan dira, Guggenheim museoa erabat txertatzekoak, bere inguruan hiri moderno, dinamiko, eredugarri eta anbiziotsua eraikitzekoak. Horren lekuko dira sasoion bertatik pasatakoak, mundu osotik etorrita balentria hori babestu dutenak. Honakoa ez da, baina, halako salbuespen bat; herri txiki eta zahar batek bere nortasuna salgai jarri barik bizirauteko eta egoera berrietara egokitzeko beti izan duen gaitasunaren azken adierazleetakoa baizik.

Abandoibarran barrena ibiltzen direnek aspalditik dute etxekotzat kurbazko fantasia arkitektonikoa. Euskal kulturak baduelako atzokoa, gaurkoa eta etorkizunekoa uztartzeko beste indar. Eta batuketa horretatik aberastekoa, oso bertokoa eta aldi berean unibertsala izatekoa. Guggenheim eta bere inguruabarrak ez dira, baina, berezkoak izan, nahitaezkoak. Izen-abizeneko hainbati dagozkie. Zorionekoa duela hogei urte egin zuten apustua.

Publicidad

Publicidad

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios