http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Hizkuntza eta generoa

Hizkuntzari buruzko eztabaida piztu da asteotan Frantzian

Arantxa Urretabizkaia
ARANTXA URRETABIZKAIA

Hizkuntzari buruzko eztabaida piztu da asteotan Frantzian, hain zuzen hizkera sarkari baten inguruko eztabaida, alegia, nola hitz egin edo idatzi inor (batez ere, emakumeak) baztertu gabe, «goazen, mutilak» esaterakoan neskak ere beraien burua inplikatua senti dezaten.

Gauza nabarmena da hizkuntza batzuk sekulako tema dutela generoarekin, horien artean frantsesak, gaztelaniak eta alemanak. Zilegi da galdetzea zergatik den emea mahaia edo arra bihotza. Baina gutxienez gure Europako hiru hizkuntza horiek ikasi nahi dituenak ikasi beharko du, hitz batekin batera, hitz horren generoa. Bi frantsesean, hiru alemanean.

Gureak, berriz, ez du tema hori, ezta ingelesak eta, irakurri dudanez, farsiak edo turkierak ere. Alabak edo semeak lagun batekin gelditu dela esaten dizunean, ez duzu jakingo lagun hori arra edo emea den. Abantaila handia seme-alaben intimitaterako. Bitarikotasun hori emankorra da oso literaturan, egileak nahi ez badu, ez baitu irakurleak pertsonaia hau edo bestea gizon ala emakume den jakingo.

Egiten dira gure artean hitz batzuen generoa zehazteko ahaleginak, adibidez ‘aktore’/ ’aktoresa’ edo antzekoak, lege bihurtuta ere erabiliko ez ditudanak. Alderantziz. Hain zuzen, hori da hitanoan egiten ez ikasteko dudan arrazoi nagusia, ez dudala aditzean ere pertsonaren generoa zehaztu nahi.

Hizkuntzaren Akademia Frantsesa oldartu egin da proposamenarekin. Aho batez adierazi dute Frantziako hizkuntza nagusia ondo dagoela dagoen horretan, ez dagoela zertan bide berririk bilatu, «goazen, mutilak» berez esan nahi duela «goazen, neska-mutilak» eta horrela izan dela betidanik. Are gehiago, esan dute hizkuntza sarkaria defenditzen dutenek beste hizkuntzen alde egiten dutela, frantsesaren kontra.

Frantziar askok, berriz, uste du gizartea aldatu dela, gaurko emakumeen zereginak ez direla duela mende batzuetan ziren berak. Horientzat premia argia da. Irtenbideak, berriz, zailak. Horien bila ari dira une honetan.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos