http://static.elcorreo.com/www/multimedia/201707/04/media/zabalik-logo-ec.jpg

Hizkuntza eskubideak urratu zitzaizkiela salatu zuten iaz 452 pertsonek

Horietatik guztietatik, 444 euskara erabiltzeko eskubidearekin loturiko kexak izan ziren eta zortzi kasu gaztelania erabiltzeko eskubidearekin loturikoak

ELCORREO.COM

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Batzordeak Elebide Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzuaren 2016. urteko memoria jaso du astearte honetan. Txostenaren arabera, iaz 544 intzidentzia izapidetu ziren, eta horien %83a hizkuntza eskubideak urratu zaizkiela sentitu zuten herritarren kexak izan ziren, hau da, 452 kexa. Horrela, kexei dagokienez, 2015ean 470 kexa jasotzetik, iaz 452 kexa jasotzera igaro da, Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak jakinarazi duenez.

Intzidentzia motari, 452 kexa, 66 eskaera, 19 kontsulta eta 7 iradokizun izan ziren. Izapidetutako 452 kexetatik, 444 euskara erabiltzeko eskubidearekin loturiko kexak izan ziren, eta zortzi kasu gaztelania erabiltzeko eskubidearekin loturikoak. Zortzi kasu horietatik, bost administrazioarekiko harremanetan gertatu ziren (horietako hirutan argitu da ez dela egon hizkuntza eskubideen urraketarik), eta hiru esparru pribatuan.

«Beraz, txostenak argi erakusten du azken lau hamarkadotako euskararen normalizazio prozesuaren aurrerakada gorabehera, oraindik ere euskarari dagozkiola hizkuntza eskubideen urraketak», nabarmendu du Erkorekak.

402 kexa esparru publikoaren ingurukoak izan ziren, eta 50 esparru pribatuari zegozkion. Beraz, 2015. urtearen aldean, iaz behera egin zuten esparru publikoko kexek (420tik 402ra) eta bere horretan jarraitu zuten esparru pribatukoek (50 kexa).

Herri administrazio eta erakundeen kasuan, aurkeztutako kexen %68 Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoari zuzendu zitzaizkion (275 kexa, 2015ean baino 38 gutxiago). EAEko sektore publikoari zuzendutako kexen artean, 34 Jaurlaritzaren aurkakoak izan ziren, eta 241 Jaurlaritzaren erakunde eta sozietate publikoen aurkakoak (iaz 271). Foru aldundiei dagokienez, 26 kexa zuzendu zitzaizkien 2016an: Arabakoari bi, Bizkaikoari 23 eta Gipuzkoakoari bat. Toki administrazioen kasuan, berriz, 64 kexa izan ziren, hau da, iaz baino bederatzi gehiago.

2008an jaiotako zerbitzua

Bestalde, Elebide zerbitzuak joan den urtean izapidetutako 544 intzidentzietatik, 484 itxita zeuden 2017ko martxoaren 31rako, alegia, informazioa emanda eta espedienteak ebatzita zeuden.

Kexei erreparatuta, hiru kasu gerta daitezke: kexak irtenbide egokia izatea (konponbidea egotea), irtenbiderik ez izatea, eta azkenik, indarrean dagoen araudiari erreparatuta, urraketarik ez izatea. 2016ko kexak honela banatu ziren: 342 kasutan irtenbide egokia topatu da, 44 kasutan ez da irtenbiderik topatu eta, azkenik, 22tan ondorioztatu da ez zegoela hizkuntza eskubideen urraketarik.

Elebide Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzua 2008an jaio zen eta kasu bakoitzaren jarraipen zehatza egiten du, jasotzen den intzidentzia guztiek konponbidea izan dezaten. Zerbitzuaren ikuspegitik, herritarren salaketei esker erakundeak indartu egiten dira eta neurri egokiak har ditzakete hizkuntza eskubideen urraketak errepika ez daitezen. 2016ko memoria osoa eta xehetasun guztiak astearte honetan izango dira eskuragarri Irekian zein www.euskara.euskadi.eus webgunean.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos