http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Hiria Pop-Rock Lehiaketa hasi da berriro

Lehiaketa 18 urtetik 35erainoko gazteek osatutako taldeentzat da

ELCORREO.COM

Bilbo Hiria Pop-Rock Lehiaketaren 29. edizioko sailkapen-kontzertuak aurkeztu ditu Bilboko Udalak; finalera sailkatzeko kontzertu horiek gaur hasi eta urriaren 26an amaituko dira. Denbora-bitarte horretan, 34 kontzertu joko dira Bilborock aretoan eguenetan eta ostiraletan, 20.00etatik aurrera; sarrera libre eta doakoa izango da.

Bilbo Hiria Pop-Rock Lehiaketa, erreferente bat dena Europako musikaren oraingo panoraman, 18 urtetik 35erainoko gazteek osatutako taldeentzat da, eta haien lanak bultzatu eta zabaltzea du helburu, talde horiei agertokia Estatuko zein nazioarteko beste talde batzuekin partekatzeko aukera emateaz gainera.

Epaimahaia musika-arloko espezialistek osatu dute, eta haren ardura izango da sailkapen-fase honetan zuzenean joko duten 34 taldeak hautatzea. Edizio honetan 486 bandek eman dute izena -344 talde pop-rock modalitatekoak ziren; 94, metalekoak; eta 48, elektronika eta beste joera batzuetakoak-, eta haien artetik aukeratu dira musika-taldeak.

Finalisten artetik hiru hautatuko dira pop-rock kategorian, eta beste hiru, metal kategorian, eta azaroan egitekoak diren finaletan joko dute. Haiek bezala, elektronika eta beste estilo batzuetako kategoriaren barruan zuzenean finalerako hautatutako beste lauek ere joko dute.

Jatorriari dagokionez, hemendik datoz edizio honetan parte hartzen duten taldeak: Euskadi, Nafarroa, Frantzia, Madril, Bartzelona, Málaga, Murtzia, Burgos, Kantabria, Almería, Badajoz, Asturias, Albacete, Castelló eta Zaragoza.

Erakusketa eta BIME jaialdia

Nobedade gisa eta agerian jartzeko zer presentzia izan duten eta zer ekarpen egin duten emakumeek rockaren agertokietan, 'Rock & Roses' argazki-erakusketa sustatu du Bilboko Udalak. Bilborocken egingo da erakusketa, erabilera anitzeko gelan bertan, gaur hasi eta sailkapen-kontzertuen fasea amaitu arte. Hogeita hamar bat argazki dira, Unai Endemaño argazkilariak euskal rockaren eszenak izan dituen emakumeei eginak.

Gainera, aurten, programak egun berezi bat ere izango du, BIME jaialdiarekin egin den elkarlanari esker. Sailkapen-kontzertuen azken egunean, urriaren 26an, lehiaketan parte hartuko duten 3 taldeen ondoren, MELENAS eta LOS BRAZOS talde gonbidatu biak igoko dira agertokira. Euskal Herriko Musika Bulegoaren, Etxepare Euskal Institutuaren eta Euskadiko Soinuak-en (Eusko Jaurlaritza) ekimenez eginiko «Basque Music at BIME» deialdian hautatu ziren talde bi horiek. Egun hau, lehiaketako gainerako egunak bezala, 20.00etan hasiko da, eta sarrera doakoa izango da.

Fotos

Vídeos