http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Hiri hondakinen kudeaketan ezarritako 13 helburuetatik 10 bete ditu Bizkaiak

Soilik helburu bat ez du lortu: aldez aurretik tratatu gabeko hondakin gordinen isurketaren desagerpena

ELCORREO.COM

Bizkaiko Foru Aldundiak 2005-2016 aldiko Bizkaiko Hiri Hondakinak Kudeatzeko II. Plan Integralaren azken berrikuspenaren datuak aurkeztu ditu aste honetan, eta, datuon arabera, Espainiako Estatuak eta Euskal Autonomia Erkidegoak (EAE) hiri hondakinen alorrean ezarritako 13 helburuetatik 10 bete ditu.

Zehazki, soilik helburu bat ez du lortu: aldez aurretik tratatu gabeko hondakin gordinen isurketaren desagerpena. Beste biak zati batean bete ditu, alegia, tresna elektriko eta elektronikoei buruzkoa eta beira, metal, plastiko eta zurezko ontzien ingurukoa, Elena Unzueta Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko foru diputatuak azaldu zuenez.

Bizkaian hiri hondakinen 527 kilo sortu dira urtean biztanle bakoitzeko, hau da, 2001ean sortutako kopuru bera. Beraz, 2002-2020 aldirako Garapen Iraunkorraren Ingurumen Estrategia bete da. Estrategia horrek zabortegiko hondakinen portzentajea %30era murriztea ezarri zuen 2020. urterako, eta Bizkaian %19,1 izan da portzentajea 2016an.

Modu berean, Unzuetak jakinarazi zuenez, Bizkaiak «soberan» gainditu du Estatuak pila, bateria eta metagailu hondakinen alorrean ezarritakoa. Hain zuzen, %50eko birziklapen tasa ezarri zuen 2020rako, eta Bizkaian %80,6koa da dagoeneko 2016tik. Hondakin biodegradagarriei dagokienez, Estatuko araua bete da; 1995eko zabortegietako baloreak %25 murrizteko helburua ezarri zen 2016. urterako, eta Bizkaian 130.768 tona gutxiago eraman dira zabortegira, iaz erregistraturiko benetako zenbatekoa baino askoz gehiago (45.625 tona).

Bestalde, Estatuak ezarritako balorazio tasa gainditzea ere lortu du Bizkaiak; zehazki, Estatuak %60ko tasa ezarri zuen, eta Bizkaiak sortzen dituen hiri hondakinen %80,9 aprobetxatzen ditu.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos