http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Hiri berrikuntzari buruzko foroa, Detroiten

Bilboko udalak antolatutako BUILD foroaren laugarren edizioa bihartik ostiralera ospatuko da

ELCORREO.COM

Bilbao Urban Innovation and Leadership Dialogues (BUILD) foroaren laugarren edizioa antolatuko du Bilboko Udalak Detroit hirian (Michigan, AEB), bihartik ostiralera. Hiri iraunkorrago, inklusiboago, bidezkoago eta parte hartzaileagoak eraikitzeko nazioarteko eztabaida sustatu nahi da foroan, eta AEBetako zein Europako liderrak bilduko dira, erakunde, enpresa, hezkuntza eta hirugarren sektorekoetakoak.

Bilboko Udalak eta German Marshall Fund (GMF) erakundeak sinatutako hitzarmena da BUILD Detroiten antolatzeko arrazoia, foroaren edizio bat Amerika iparraldeko hiri batean egitea hitzartu baitzuten. Akordioaren helburua da Bilbo hiri eta ekonomia garapen iraunkorreko nazioarteko erreferentzia izatea AEBetan, bai eta hiri politika berritzaile eta integratzaileak diseinatzen eta ezartzen ere.

Bilboko Udaletik nabarmendu dutenez, foroa «aukera bikaina» da Detroiten eta Bilboren artean dauden loturak sendotzeko. Izan ere, AEBetako hiritik «interes handia» erakutsi dute Bilboren kasua ahalik eta hobekien eta gertuen ezagutzeko, hiria eta ekonomia berroneratzeko eredua den aldetik. Horren froga da BUILD foroaren aurreko hiru edizioetan Detroiteko Udalak beti bidali duela ordezkaritza bat Bizkaiko hiriburura. Aurtengo edizioan, Detroitera joango den Bilboko udal ordezkaritzak Bilbao Ekintza udal sozietateko zuzendari nagusi Nora Sarasola izango du buru.

Eusko Jaurlaritza ere BUILD 2017 foroan egongo da, AEBetako eta Kanadako Euskadiko ordezkariak bertan parte hartuko baitu. Euskal enpresa pribaturen sektoreari dagokionez, LKS eta Idom hurbilduko dira, eta akademiaren munduari begiratuz gero, Deustuko Unibertsitateko Deusto Cities Lab eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Ingeniaritza Eskola bertaratuko dira. Fair Saturday ekimena ere ekitaldian izango da, kulturaren eta gizarte ekimenaren ordezkari gisa. Bilbon sortu zen mugimenduak artearen eta kulturaren bitartez bidezkoagoa den mundu bat lortzea du xede.

Lan agenda

Bilboko Udaleko ordezkaritzak zeregin ugari izango ditu agendan, eta, besteak beste, Detroit Economic Growth Corporation eta Detroiteko Udaleko arduradunekin izango dituzte bilerak. Detroit Economic Growth Corporation ekonomia suspertzeaz eta berrikuntza sustatzeaz arduratzen da hirian.

Era berean, hiri plangintzarekin, diseinuarekin eta ekonomia garapenarekin zerikusia duten profesionalekin egongo dira harremanetan. Udal ordezkaritzarekin batera egongo diren enpresa eta gainerako entitateek ere banako topaketak izango dituzte AEBetako enpresa eta erakundeekin.

Detroit BUILD 2017 foroa hautatzeko erabakigarria izan da Kresge fundazioaren inplikazioa. Fundazioaren egoitza Detroiteko metropolian dago, eta German Marshall Fund erakundeari eskatu zion foroaren aurtengo edizioa bertan izan zedin. Proposamena onartu egin zen AEBetako beste aukera batzuk aztertu eta gero. Erabakia hartzeko kontuan hartu zen Detroiteko Udalak BUILD ekimenari eman dion laguntza 2014an sortu zenetik.

Estrategia eraginkorren bila

BUILD 2017 foroan Detroiteko erakundeetako ordezkariak bilduko dira, bai eta sormenezko industriako sektoreko zein unibertsitate eremuko eragileak, hirigileak eta entitate filantropikoetako zein enpresa pribatuetako arduradunak ere. Hitzorduaren ardatz nagusia hirien eta eskualdeen lehiakortasuna eta sendotzea sustatzen duten politika berritzaileak izango dira, hau da, bizitzeko egokiagoak diren hiriak eta gizarte iraunkorrago eta kohesionatuago bat lortzea xede dutenak. Foroaren laugarren edizioan hiria eraldatzeko prozesuetarako politika eta estrategia eraginkorrak bilatu nahi dira, batik bat, aro digital berriaren testuinguruan.

Kresge fundazioak artean, kulturan, hezkuntzan, ingurumenean, osasunean, gizarte zerbitzuetan eta komunitateko garapenean egiten diren inbertsioak eta dohaintzak sustatzen ditu, eta BUILD 2017 Detroiten antolatzeko beharrezkoa den babesa eskaintzeaz arduratuko da. Ekitaldia antolatzen laguntzen asmoz, Bilbao Ekintzako teknikariak AEBetako hirira joan ziren maiatzean, eta, bertan, Detroiteko Udaleko eta Detroit Economic Growth Corporation erakundeko arduradunekin egon ziren harremanetan.

Bilboko Udalaren eta German Marshall Fund erakundearen lankidetzari esker, akordio garrantzitsuak lortu dira hiri berrikuntzan eta plangintzan. Lehenengo foroan, 2014an, iraunkortasun, inklusio, lidergo, nazioartekotze eta bestelako kontzeptuei lotutako ideiak trukatu ziren, AEBetako nahiz Europako hiriek garatu beharreko funtsezko ezaugarri gisa.

Bestalde, BUILD 2015 foroaren helburua lidergo berritzailearen bitartez lehenengo edizioan eskuratutako ideiak eta ondorioak ezartzea izan zen. 2016ko edizioan ideia eta estrategia berriak proposatu ziren, gaur egungo ekonomiako, gizarteko eta politikako krisialdi egoeran hirien lehiakortasuna eta sendotzea bultzatzeko asmoz.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos