http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Hipotesi bat

Aritz Gorrotxategi
ARITZ GORROTXATEGI

Ukroniari buruz idatzi nuen aspaldi batean hemen. Literalki, 'ez lekua', 'existitzen ez den lekua'. Zenbait hipotesiri atea zabaltzea da ukronia. Esaterako, Philip K. Dick-ek 'The Man in the High Castle' eleberrian egin zuena. Zer gertatuko zatekeen naziek gerra irabazi izan balute? Istorio alternatibo bat, alegia. Askotan ez gara pentsatzera geratzen zer gutxigatik diren gauzak diren bezala. Batzuetan erabaki txiki batek, kasualitate batek, eguraldiak edo ondoez txiki batek, historiaren nondik norakoa baldintza dezake, eta, jakina, baita munduko biztanleen bizitza ere. Demagun Errusiako Iraultzan boltxebikeek boterea hartzeko jo zuten estatu kolpeak huts egin zuela; edo ondo atera zela, baina ondotik etorri zen gerra zibilean 'zuriak' atera zirela garaile. Demagun Colonek hasierako asmoa bete eta Amerikako kontinentearekin topo egin ordez Indietara iritsi zela. Horrek asko aldatuko lituzke gauzak. Eta ez bakarrik maila orokorrean. Ekintza txiki askok baldintza dezakete norberaren bizitza. Esaterako, tren bat galtzeak bizitza osoa alda diezaguke, tren horretan ezagutuko badugu gerora gure bikotea izango dena; edo tren horrek istripu larri bat izango badu. Leku jakin batera sartzea -denda bat, liburutegi bat, kafetegi bat- edo ez sartzea bezalako ekintza bat erabakigarria izan daiteke gure etorkizunean.

Gure eguneroko bizitza alda dezaketen kasualitate horien kudeaketan maisu da Paul Auster. Haren obraren zati handi bat kasualitate horien mugetan oinarrituta dago, eta haren liburuek kasualitate horien eskutik egiten dute aurrera. Horren adibide dugu bere azkeneko eleberria, '4 3 2 1' izenburukoa. Neurri handi batean, ukronia moduko bat egiten du, baina ez da konformatzen bizitza alternatibo bakarra irudikatzearekin, pertsonaia beraren lau bizitza irudikatzen baititu. Ferguson, pertsonaia nagusia, Newark-en jaio zen 1947ko martxoaren 3an (Auster bera Newark-en jaio zen 1947ko otsailaren 3an). Hortik aurrera, arestian esan bezala, lau bizitza erabat ezberdin biziko ditu, hainbat erabakiren fruitu, eta lauren berri izango du irakurleak. Eta beste era batera jokatu izan bazenu zure bizitzaren une erabakigarri batean? Hori da galdera gakoa.

Galdera horri eta fikzioaren ahalmenari tiraka, beste zenbait galdera sortu zaizkit: zer musika idatziko ote zuen Mozart-ek hirurogeiak harrapatu izan balitu? Zer abesti, aldiz, John Lennonek Mark David Chapman jarraitzaile eroak errebolber batekin tirokatu eta hil izan ez balu? Beste hainbeste, esaterako, Jim Morrison, Jimi Hendrix, Janis Joplin, Bob Marley edo Kurt Cobain-en kasuan, baita Juan Crisostomo Arriagarenean ere. Haatik, hipotesi honetan ez lirateke soilik musikariak sartuko. Idazleak, margolariak, eskultoreak, dantzariak, zinemagileak, zientzialariak, medikuak eta abar luze bat sar genezake. Baita, nahi baduzue, kirolariak eta sukaldariak ere.

Izan ere, demagun teknologia berriei esker, posible dela jenio horien bizitza birtualki proiektatzea, eta Austerren nobelan bezala, jenio horien bizitza posibleak gorputz daitezkeela aplikazio edo programa baten bidez. Eta bizitzak gorputz badaitezke, baita obrak ere. Ez litzateke historia aldatuko, aldaketa horiek esparru birtual batean geratuko bailirateke, baina haien alegiazko obrak eskuratu ahalko genituzke. Edo ‘berreskuratu’, nola begiratzen den. Pagotxa litzateke John Keats, Shelley edo Silvia Plath-en poema 'berriak' edo Poe, Kafka, Nemirovsky, Bolaño edota J.K. Toole-ren idazlan gehiago irakurri ahal izatea, Tarkovskiren pelikula berriak ikusi ahal izatea… Agian, lan batzuekin txundituta geratuko ginateke, baina sormena ez da matematika, eta baldintza objektibo eta subjektiboek zeresan handia izango lukete. Nork bermatzen digu Mozartek musika idazten jarraituko zuela? Agian, luzaro bizi izan balitz, Rimbauden bidea hartuko zukeen. Nolanahi ere, ederra da irudikatzea beste hogei sinfonia utzi zizkigula, dozena bat opera gehiago, hainbat hari laukote eta abar.

Nork daki, agian denbora kontua baino ez da hipotesi hori egia bihurtzea.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos