Borrar
Liburuaren azala.
Hildakoen oroitzapena

Hildakoen oroitzapena

Javier Rojo

Martes, 6 de febrero 2018, 00:51

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Taberna batek elkartzen ditu lau pertsona: tabernaren jabea, hango langile bat, 'filosofoa' deitzen duten emakume gaztea eta emakume heldu aberatsa. Bakoitzak bere ikuspuntutik lehenengo pertsonan egindako narrazio baten bidez egiten dio bizitzari errepaso. Pertsonaiei dagozkien hari narratiboak korapilatzen dira, halako eran non azkenean hariek bat egiten duten taberna horretan. Pertsonaia bakoitzak bere istorioaz dioena irakurriko du irakurleak eta, hori gertatzen den bitartean, lau istorioek lotura dutela nabarituko du, elkar osatzen dutela. Hauxe da 'Hitzontziak' izeneko nobela honetan Xabier Montoiak irakurleari eskaintzen dion planteamendu orokorra. Lehenengo pertsonan egindako kontakizunak dira pertsonaienak, baina honetan idazleak jakin du bakoitzari ahots desberdin eta propioa ematen. Teknika eta estiloari begiratuta, nobela aberatsa, eskarmentu handiko idazle trebe baten eskua agerian uzten duena. Baina teknika-estilo kontuak alde batera utzita eta kontakizunaren argumentuari erreparatzen badiogu, diskurtsoaren aberastasuna areagotu egiten da.

Trantsizio garaiari egiten dio errepasoa idazleak, kontakizunaren erdigunean, besteak beste, Gasteizen martxoaren 3 malapartatu hartan gertatutakoa jarrita. Behinola ezkerreko alderdiek gizartea alda lezaketela pentsatzen duten pertsonaiek ikusiko dute horren osteko hauteskundeetan gizarteak berak bizkarra eman diola ezker horri. Errealitatearekin egiten dute topo bat-batean eta hortik aurrera egoera berriari egokitu beharra tokatuko zaie. Batzuek lortuko dute, eta edozein egoeratan aurrera ateratzeko ahalmena erakutsiko dute, beren ideiei uko egin behar badiete ere. Beste batzuek nahikoa dute bizirautearekin. Bizitzak naufrago papera utzi dien pertsonaia hauek menderatzailearen eta menderatuaren logikaren arabera jokatzen dute, bidean hil zirenen oroitzapenaren pisutik askatzea ezinezkoa zaielarik.

Gauza askoz gehiago eskaintzen ditu nobela honek, zertzelada asko, halako liburu aberats bati dagokionez. Edonola ere, liburuan topatzen ditugun alderdi guztietan denborak pasatzean eta ilusioak galtzean sortzen den etsipena nagusi da, era bikainean adierazia.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios