http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Hilabete honetan ekingo Udalak Araba-Eskibel jauregia eraberritzeko proiektuaren idazketa esleitzeari

Goiuri jauregiaren teilatua ere berrituko du Udalak, hezetasun-arazoak konpondu eta hondamena geldiarazteko

SERGIO EGUÍA

Hilabete honetan ekingo Udalak Araba-Eskibel jauregia eraberritzeko proiektuaren idazketa esleitzeari, behin ikusita Tangerreko Udalak –higiezinaren jabea baita– ez diela erantzun Gasteiztik planteatu zaizkion akordio eta errekerimendu bakar bati ere. Hauxe esan du prentsaurrekoan Gorka Urtaran alkateak: “Tangerri nahikoa denbora eta gehiago eman diogu bere konpromisoak bete ditzan, eta ez gara besoak gurutzaturik geratuko. Haiekin jarduera egutegia bat adostu genuen, eta bete egin behar da. Prozesua abiaraztea erabaki dugu, ezin dugulako gehiago atzeratu bizilagunen segurtasuna bermatzeko beharrezkoa den esku-hartze hori. Prozesu honetan Udalak edozein kosturi aurre egin behar badio, faktura Tangerreko Udalari jaulkiko dio”.

Hirigintza Sailak lehiara atera zuen proiektuaren idazketa, eta 4 enpresa aurkeztu dira. Lehiaketa-aurrekontua 29.900 eurokoa da eta, alkateak baieztatu duenaren arabera, irailean bertan esleituko da. Proiektuak eraikuntza-konponbide balizkoei buruzko informazioa emango du, bai eta gastuen gutxi gorabeherako kalkulua ere.

Udalak ekainean jakinarazi zien Tanger hiriko udal kontseiluko ordezkariei hasiak zituela betearazte subsidiarioko izapideak, proiektua esleitzeko. Ordutik hona, eraikinaren jabeek ez dute ezer jakinarazi horren gainean.

Ekainean, Gasteizko Udalak erabaki zuen udal teknikariei eskatzea osa zezatela Araba-Eskibel jauregia eraberritzeko oinarrizko proiektuaren idazketa arautzeko baldintza-agiria.

Erabaki hori hartu zen, nahiz eta Tangerreko Udalak jakinarazi zuen egiaztatu ahalko zutela arkitekto baten kontratazioa, eta hango udalak akordio bat lotu zuela Marokoko Gobernuko zenbait ministeriorekin, Errementari kaleko jauregia eraberritzeko proiektua bere gain hartu ahal izateko. Gaur gaurkoz, ez dakigu ezer auzi horiei buruz.

Prozesu honekin batera, Udala erne dago eraikinaren egoera dela eta, eta besteren ordez ekin die nahitaezko prebentzio- eta eraberritze-lanei, eta jabeei jaulki diete horietatik eratorritako gastuak.

Bestalde, Goiuri jauregiaren teilatua ere berrituko du Udalak, kalte handiak egin dituzten hezetasun- eta iragazketa-arazoak konpontzeko.

189.377 euro ordainduko dira gaur egungo teilatua ordezteko obra horiengatik, Udal Administrazioaren Sailaren kontura, eta gauzatzeko epea 60 egunekoa izango da.

Besteak beste, gaur egungo teilatu osoa kendu eta ordeztuko da, zurezko elementuei mantentze- eta kontserbazio-tratamendua emango zaie, eta led argi berriak jarriko dira obrak eragindako eremuan.

Udalaren Kultura Sailaren bulegoak hartzen ditu Goiuri jauregiak aspaldiko urteetan, baita Biltzar eta Turismo Zerbitzuaren jardueraren parte bat ere. Monumentu-izaera duen eraikin historikoa da, eta babes bereziko elementu gisa dago katalogatuta.

Fotos

Vídeos