http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Herritarren interesei lehentasuna ematen dien akordio fiskala lortu du Urtaranen gobernuak

“Behin eta berriro esan izan dugu ezin zela arriskuan jarri Udalaren egonkortasun ekonomikoa, eta itun honekin lortu dugu”, azpimarratu du Itziar Gonzalo zinegotziak

I.AGOTE

2018ko zerga, tasa eta prezio publikoen inguruko ituna sinatu du udal-gobernuak PPrekin. Gasteiztarren interesei ematen zaie lehentasuna bertan, zerga eta tasa nagusiak izozten direlarik, ibilgailuen gaineko zerga % 2,5 murrizten, eta jarduera ekonomikoa sustatzeko hainbat neurri berri ezartzen. Urtaranen gobernuak akordio fiskala negoziatzeko jarri zuen funtsezko baldintza betetzen du itunak: Udalaren egonkortasun ekonomikoari ez eragitea, diru-bilketa murriztuz. Orobat ezarriko dira hainbat hobari berri ere, besteak beste familia ugariei laguntzera bideratuak.

“Akordio ona lortu dugu Gasteizerako, herritarrei begira jarrita; besteak beste, izoztu egingo ditugu ordainagiri nagusiak, eta jaitsi ibilgailuen gaineko zerga. Akordio ona da, enpresei ere begiratzen diena —jarduera ekonomikoa bultzatzeko neurriak ezarriko dira—, eta sentiberatasun soziala erakusten duena. Gainera, diru-bilketa murriztea galarazten du itun honek, Udalaren diru-sarrerak gastuetara egokitzeko behin eta berriro egin diren gomendioei erantzunez”, adierazi du Ogasuneko zinegotzi Itziar Gonzalok.

Gobernu-taldeak ordenantza fiskalen inguruan PPrekin sinatutako itunaren lehen ardatza herritar guztiei oro har eragingo dieten neurriek osatzen dute. Zentzu horretan, nabarmentzekoak dira OHZ, Eraikuntzen zerga eta EJZ izoztu egingo direla. Ibilgailuen gaineko zerga % 2,5 jaitsiko da, eta zabor- eta ur-tasek ez dute igoerarik izango. Gainerako tasa eta prezio publikoak eguneratu egingo dira, KPIren % 2ko igoera aintzat harturik, salbu eta Udalaren kirol-instalazioen prezio publikoen igoeran —urteko abonamendurik garestienean 5,1 euroko igoera ekarriko du—.

Itunaren bigarren ardatza jarduera ekonomikoa bultzatzeko neurriek osatzen dute. Horretarako, EJZ izozteaz gain, % 50eko hobaria aplikatuko zaie milioi bat eurotik bi milioira bitartean fakturatzen duten enpresa txiki eta ertainei zerga horren kuotan. Gainera, Ondasun Higiezinen gaineko Zergan % 50eko hobaria gehituko da, eguzkitik sortutako energiaren edo beste energia berriztagarriren baten ustiapen termiko eta elektrikorako sistemak instalatzen diren higiezinen titularrentzat. Irekitze- eta jarduera-lizentziaren tasa izoztu egingo da, baita biltzar-ekipamenduak erabiltzeagatik ordaindu beharreko tasak ere.

Azkenik, gobernu-taldearen eta PPren arteko itun fiskalaren hirugarren ardatza familia ugariei laguntzeko neurriek osatzen dute. Handitu egingo da kolektibo horrentzako hobaria OHZn, familia-errenta estandarizatua baliatuko delarik erreferentzia gisa. Orobat murriztuko dira Musika Eskolako tarifak, bai ikastaro arruntei dagozkienak, bai ikastaro osagarriei dagozkienak, eta haur-eskoletakoak, seme-alaben kopuruaren arabera murriztuko baita hileko tarifa.

Ordenantza fiskalen inguruko itun honen funtsezko alderdia da eutsi egingo zaiola zergen bitartez jasotzen denari, Urtaranen gobernuak negoziazioaren hasieratik jarria zuen baldintza betetzen delarik, Udalaren egonkortasun ekonomikoa bermatze aldera. Zehazki, diru-sarreren aurreikuspenak 600.000 euro egingo du gora, aurreko urtekoaren aldean.

Itziar Gonzalok nabarmendu duenez, akordio hau beste mugarri bat da itunetan talde guztiak inplikatzea lortu den agintaldi honetan. “Beti azpimarratu izan dugu gure borondatea talde politiko guztiekin negoziatu eta hitzartzea dela, eta hala erakusten dute gertakariek. EH Bildu, Podemos eta Irabazirekin hitzartu genituen 2016ko aurrekontuak; 2017ko ordenantza fiskalak EH Bildurekin, eta orain, 2018ko ordenantza fiskalak, Alderdi Popularrarekin”, adierazi du Ogasuneko zinegotziak.

Fotos

Vídeos