http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

«Herriaren zati handi bat konponbidearen alde egotea lortu dugu»

Arantxa Urretabizkaiak bere liburuak sinatu zituen Durangoko azokan./Maika Salguero
Arantxa Urretabizkaiak bere liburuak sinatu zituen Durangoko azokan. / Maika Salguero

'Bidean ikasia' obrarekin lortu du Arantxa Urretabizkaiak Euskadi saria, Alarde parekide baten aldeko borrokaren lekukotasun lazgarria

VIRGINIA ENEBRAL

Hogei urte behar izan ditu bere eta beste askoren bizipenei forma emateko, baina emaitzak 'Bidean ikasia' du izena eta euskarazko saiakeraren Euskadi saria eman zioten iaz. «Hondarribiako Alardeari buruz idazten den lehenengo liburua da, baina beste batzuk etorriko dira», ziurtatzen du Arantxa Urretabizkaiak. Aurtengo udaberrian, gaztelaniaz egongo da eskuragarri.

-Zergatik egon zara 20 urte liburua idazteko?

-Ez nuen asmatzen nola demontre kontatu. Hasiera batean, 1996an gertatu zen hura kontatzeko antzerki obra bat neukan buruan; gauza bitxia, ez bainaiz antzerkizalea eta ez dut sekula antzerkirik idatzi. Gauzak gertatzen joan diren heinean, hainbeste urteko lanaren poderioz, herriko giroa dezente baretu da eta, halako batean, asmatu dut nola kontatu behar nuen eta orduan bota dut.

-Aurretik zenekien idatziko zenuela?

-Beti jakin dut. Kalean norbaitekin enkontru txarren bat izan dudan bakoitzean (eta makina bat izan ditut) beti esaten nion neure buruari «Nik hau kontatu egingo dut, eta zuk, iraingileak, ezingo duzu kontatu». Mantra gisa funtzionatzen zuen, eta adorea ematen zidan egoerari aurre egiteko.

-Zein da irainaren helburua?

-Askotan norberaren amorrazioa deskargatzeko modu bat izango da, baina orokortzen denean (gure kasuan panfletoak bota zituzten iraindu egin behar zitzaigula esaten), estrategia baten barruan dago, dudarik gabe.

-Espero zenuen hainbeste aldatu da Alardea?

-Ez da aldatu, Alardetik kanpo jarraitzen dugu. Urteak joan urteak etorri, eta guk ez dugu beste Alarde bat antolatu nahi, Irunen antolatu duten bezala. Guk Alardearen parte izan nahi dugu, eta ez dugu oraindik lortu. Lortu duguna da, eta ez da gutxi, herriaren zati handi bat konponbidearen alde egotea, agian hasieratik alde ez zeudenak ere bai. Beste gauza bat da nola konpontzen den kontu hau, baina funtsean, egoera ez da aldatu: kanpoan geunden eta kanpoan gaude.

-Ez dira gutxi gaur egun ere zuen kontra aurkezten direnak; izan ere, nabarmendu egiten dira plastiko beltzak zabaltzen...

-Gure kontrako jarrera esplizitua eta nabarmena kale nagusian baino ez da izaten, gainerako ibilbidean ez zaigu horrelakorik gertatzen. Kontuan izan behar da, beraz, aurkakoak han daudela, hura dela aurkakoen isla nagusia. Entseguetan eta irailaren 8an bertan gainerako kaleetan ez daukagu inongo arazorik, Ertzaintzarik gabe ibilita ere.

Udalaren eskuan

-Zer falta da gauzak behin betiko konpontzeko?

-Udalak nahi duenean konponduko da, ez dakiguna da noiz erabakiko duen. Edo noiz aginduko duen gobernatzen duen alderdiak. Nik desfilatzeari utzi diot aurten, baina berriz aterako naiz Alarde barruan gaudenean. Hori ailegatuko dela badakit; ez dakidana da bizirik harrapatuko nauen edo ez.

-Saria dela eta, udaletxeko norbaitek zoriondu al zaitu?

-Alkateak txartel bat bidali zidan zorionak emanez, baina oraindik ere herrian urtero egiten den liburu azokara ez naute sekula gonbidatu. Behin egon nintzen, baina iaz Hondarribia osoan euskaraz aterako zen liburu bakarra nirea zen. Durangon egon nintzen liburuak sinatzen eta handik astebetera Hondarribiko Liburu Azoka zegoen, eta ez nengoen han. Aurten saritua izan arren, ere ez. Badakit hainbatek ez didatela sekula barkatuko jarrera hori. Onartua daukat.

«Guk Alardearen parte izan nahi dugu, eta ez dugu oraindik lortu»

-Euskadi saria espero zenuen?

-Ez, batez ere gaia berez askorentzat desatsegina delako. Ez da irakurlea lausengatzen duen zerbait, mingarria da puntu askotan. Dena den, gai honen gainean idazten den lehenengo liburua da. Ez da liburu osoa, lekuko baten liburua baino ez da; hortaz, beste batzuk etorriko dira.

-Liburuak ekar zitzakeen ondorioen beldur zinen?

-Bai, beldur nintzen, eta horregatik beste mantra bat errepikatzen nion neure buruari: hau da hizkuntza apal batean idatzitako liburu apal bat, eta liburu batek nekez aldatzen du errealitatea. Gainera, gutxi batzuk izango dira irakurriko dutenak. Beste kontu bat da aurtengo udaberrian gaztelaniazko itzulpena azalduko dela eta irakurri ez duten batzuek irakurriko dutela.

-Lehenengo talka horri 'eztanda' deitzen diozu. Jasandakoagatik ala ez zenuelako espero?

-Ez nuen espero inondik ere. Nola pentsatuko nuen panfletoak botako zituztela nire izen-abizenekin eta nire etxeko telefonoarekin? Ezta oraindik ulertzen ez dudan gorroto hori ere. Nire iritziaren edo nire ekintzaren baten kontra daudenek zera pentsatu behar dute, «ni ez nator horrekin bat», baina horrek ez nau nahitaez horren etsai bilakatzen! Ez nuen espero inoren etsai bilakatzea.

-Beste modu batera egingo zenuke zerbait?

-Gauzak aldatzeko, gauzak nola diren ulertu behar da lehenengo. Ez baduzu aitortzen, ez bazara errealitatera iristen, ez duzu sekula ezer aldatuko. Hain zuzen, hori da hasieran egin genuen akatsik handiena. Ez zegoen aurrekaririk, Euskal Herri osoan ez da horrelako ezer gertatu eta ez zen erraza pentsatzea. Horrelako tirabirak sortu diren leku askotan, adibidez, Elizondoko mutil-dantzaren gainean, argi eta garbi esaten dute ez dadila Hondarribikoa gertatu. Horren erreferente ere bilakatu gara.

Tradizioak

-Zergatik dira ohiturak hain aldaezinak?

-Mundua abiada bizian aldatzen ari da esparru askotan eta batzuek erabaki dute puntu batean botako dutela aingura, hura behintzat ez dela aldatuko. Jende askori segurtasuna ematen dio. Hori da gakoa. Tradizioa oso interesantea da, baina tradizioari itsu-itsuan jarraitu izan bagenio, zu ez zinateke galderak egiten arituko eta ni ez nintzateke erantzunak ematen ibiliko.

-Zergatik sorrarazten dute aldaketek horrelako beldurra?

- Ikuspuntu kontserbatzaile batengatik; izan ere, urte hauetan jabetu naiz Hondarribian aitzakia honekin gertatu denaren antzeko gauzak gertatu direla beste herri batzuetan beste aitzakia batzuekin. Euskaldunok ezintasun izugarria daukagu adostasunetara heltzeko; eta alderantziz, trebetasun izugarria, ezberdin pentsatzen duena etsai bilakatzeko. Jokaera hori orokorra daukagu, Alardea aitzakia baino ez da.

«Euskaldunok ezintasun izugarria daukagu adostasunetarako»

-Zer ikasi duzu bidean?

-Alde batetik, beldurra menperatu daitekeela, ez dela nahikoa arrazoi gauzak ez egiteko. Bestetik, arrazoia izan eta galtzen, galdu eta halere, jarraitzen. Hogei urtean galdu izan dugu eta ez dugu etsi. Hori ere ikasi dut. Aldi berean, adin ezberdinetako oso lagun onak egin ditut, teorian batek lagunik egiten ez duen adinean gainera. Ezin dut irudikatu zein edo nolakoa izango nintzen borroka honetan hogeita piku urte eman izan ez banitu. Beste norbait izango nintzatekeen.

-Beste borrokaren batean sartzeko indarrik geratu zaizu?

-Etxekoen ustez, ikusten dudan putzu bakoitza zapaldu behar omen dut. Beraz, agian etorriko da besterik oraindik. Zer jarriko dudan arriskuan beste kontu bat da. Baina nik jarraitzen dut pentsatzen merezi duela borrokatzeak sinesten duzun horren alde.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos