http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Herri itsastarra

Liburuaren aurkezpena.

‘Euskal Herria itsastarra, San Juan baleontzitik’ lana historia dibulgazio bat da

JAVIER ROJO

Albaola Itsas Kultur Faktoria izen deigarria duen elkarteak ‘Euskal Herria itsastarra, San Juan baleontzitik’ izenburuko idazlana eman du argitara. Historia dibulgazio lan baten aurrean gaude, non egileek Euskal Herrian bertan nahiko ezezagunak diren gertakari historikoak zabaldu nahi izan dituzten. Izan ere, liburu honen bidez Albaola Elkarteko kideek azpimarratu nahi izan dute Euskal Herriaren garrantzia mendebaldeko itsas historiaren testuinguruan. Eta horretarako erdigune moduan hartuta ‘San Juan’ baleontzia hautatu dute, adibide eredugarria den aldetik. Euskal Herriak itsasoarekin izan duen harremana dela-eta ikuspegi orokorra eskaini ondoren, egileek XVI. mendean Paisaian eraiki zen itsasontzi horretan jartzen dute arreta, euskaldunen garrantzia azpimarratzeko. Liburua dibulgazio alorreko izanik, irakurle arruntei zuzenduta dago, hau da, historian espezializazio berezirik ez duten irakurleei, eta idazlanaren formatuak ere horretara jotzen duela esan daiteke.

Liburua ikusgarria baita, irudiz oso ondo hornitua, eta maketazio zaindua du. Bestalde, atal laburrez osatuta dago, honelako liburuak irakurtzen ohituta ez dagoen irakurleari gehiago hurbiltzeko asmoz. Ziur nago jakin-mina duen irakurleak orrialde horietan aurkituko duela non ase. Dibulgazio lana izateaz gain, badago beste ezaugarri bat, liburu honen izaera zehazteko balio duena: funtzio apologetikoa du idazlanak. Honekin esan nahi da euskaldunen garrantzia azpimarratu nahi dela eta euskalduntasuna, nolabait esateko, historiaren ardatzean jartzen dela, historia (itsas munduarekin zerikusirik duten alorren historia) euskalduntasunetik begiratuta baitago, ohiko ikuspuntuaren ifrentzua erakutsita. Batzuetan herri txikiak historiaren bazterretan geratzen dira, herri txikiok historiaren subjektuak izango ez balira bezala, historia inperioak-eta eraiki dituzten herriek bakarrik egin balute bezala. Ikuspuntu honetatik begiratuta, herri txikiek historia egin beharrean, historia pairatzen dute.

Liburu honetan ikuspuntu hori gainditu nahi izan da, San Juan bezalako baleontzi xume batek errepresentatzen duen txikitasunetik ere historia eraiki daitekeela erakutsiz.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos