http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Herri Hizkeren Atlaseko 9. liburukia giza gorputzaren lexikoa agertzen du

Orain arte kaleratutako liburukiak, bederatzigarrena barne, daude kontsultagai, PDF formatuan, Euskaltzaindiaren webgunean./
Orain arte kaleratutako liburukiak, bederatzigarrena barne, daude kontsultagai, PDF formatuan, Euskaltzaindiaren webgunean.

Euskaltzaindiaren Euskararen Herri Hizkeren Atlasak aurtengo liburukia plazaratu du, liburu-dendetan ez ezik Akademiaren webgunean ere eskuratu daitekeena PDF formatuan

AMALIA IBARGUTXI

«Giza gorputzarekin, janzkerarekin, norberaren buruaren apainketarekin, sexualitatearekin eta haurtzaroarekin zerikusia duten zernahi hitz eta esamoldeak» jaso dituzte Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren (EHHA) bederatzigarren liburukian. Guztira, 262 mapetan bildu dituzte ahozko euskararen aldaerak EHHAren liburukian.

Euskaltzaindiak Bilboko bere egoitzan aurkeztu du aste honetan emaitza. Adolfo Arejita proiektuaren zuzendariak adierazi duenez, «tradizioz transmititu den herri hizkeraren lekuko da Atlasa. Ahozko hizkuntzaren ispilu objektiboa izatea du helburu. Batetik, euskaraz bizi izan den gizartearen -edo gizarteen- bizimodua erakusten digute; bestetik, literatura landuaren eta hizkera aratuaren aurrean, kontrako ispilu modura jokatzen du Atlasak».

Liburuki berrian, besteak beste, giza gorputzarekin lotutako izenak bildu dituzte. Janzkerari eta apaintzeari buruzko informazio baliagarria ere ageri da. Orobat, sexualitatea eta eta haurtzaroa aztertu ditu liburuak, bi eremu hauetako lexikoa bilduz.

Euskararen Herri Hizkeren Atlasa 1984an jarri zen abian ahozkotasuna mapetan gordetzeko helburuarekin. Datuak biltzeko Euskal Herri osoko 145 herri hautatu eta bertan egindako inkestekin 2.400 zinta grabatu zituzten, 4.000 ordutik gorako materiala bilduz. Herriko 27 ordu, batez beste.

2010ean kaleratu ziren I. eta II. liburukiak. Harrezkeroztik, 2014 urtean izan ezik, urtero egin dute liburuki berria. Azkena, iazkoa, baserriko zenbait lanabesen izenak eta arlo desberdinetako prozesu eta langintzei buruzko (ardogintza, ogia eta bizkotxoa, lixiba, artilea eta lihoa...) informaziaren ingurukoa izan zen.

Orain arte kaleratutako liburukiak, bederatzigarrena barne, daude kontsultagai, PDF formatuan, Euskaltzaindiaren webgunean. Liburuki berria, bestalde, liburudendetan eskura daiteke, baita Euskaltzaindiaren helbide elektronikora idatzita (info@euskaltzaindia.eus) ere.

Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Julio Gallastegi Laboral Kutxako zuzendari nagusiak aurkezpenean nabarmendu dutenez, liburuki berriaren prestakuntzan «goi mailako ikerketa garatu dute Euskaltzaindiko ikerlariek. Gure hiztegiak dituen aniztasun eta ñabardurak metatuz eta aztertuz gero, bilduma honetan azaltzen dira ondare moduan, eta horrek duen balioa ezinbestekoa da».

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos