http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Herentzia

Nobelan kontatzen den argumentuaren abiapuntuan, herentzia baten banaketa dago

JAVIER ROJO

Julen Garate Azpitartek sinatzen du ‘Argi estalia’ izenburuarekin argitaratu den nobela, liburuaren solapan esaten denari kasu eginez gero, idazlana nolabaiteko talde lanaren ondorioa bada ere. Nobelan kontatzen den argumentuaren abiapuntuan, herentzia baten banaketa dago. Emakume bat (Agustiñe) hil ondoren, abokatu baten bulegoan biltzen dira haren seme-alabak eta lagun bat banaketari ekiteko. Egoera horretan oinarrituta, idazlanean familia horren gorabeherak kontatzen zaizkigu, erdigunean dagoelarik herentzia partekatu behar duten pertsonaien aita (Demetrio izenekoa, urte batzuk lehenago hila).

Bi ezaugarri nabarmentzen dira beste edozeinen gainetik nobela hau irakurtzean. Lehenengoa, idazleak hautatu duen egitura. Nobela lau zatitan banatuta dago, eta bakoitzaren hasieran, herentzia banatzerakoan Agustiñek seme-alabei eta familiaren lagunari idatzitako eskutitzak agertzen dira, horien ondoren argumentua mosaiko baten zati solteak diruditen atalen bidez garatzen delarik. Eskutitz horietan Demetrioren jokaera azaltzen da nolabait, jarraian familiako kideekin zituen harremanetan sakontzeko. Egitura honek irakurlea adi egotera behartzen du, ez baita kontaera linealik erabiltzen.

Bigarren ezaugarria argumentuari dagokio. Halako egitura erabilita, eta familia-istorio bat kontatzen denez, nobela honek telesail batzuetan agertzen zaizkigun argumentu korapilatsuak gogora ekartzen ditu, sorpresak eta isilpean gorde beharreko kontuekin, anai-arreben arteko tirabirekin eta abarrekin. Argumentua garaiaren aldetik guztiz zehaztuta geratzen ez bada ere, XX. mendearen bigarren erdialdean eta XXI.aren hasieran zehar garatzen da istorioa, eta noizean behin testuinguruari buruzko komentarioak egiten dira, egoera politikoa ere aipatuz.

Nobela hau ez da izango euskal literaturaren historia aldatuko duena, baina interesgarria da irakurketa. Honek beste auzi batera garamatza. Liburua, zirkuitu komertzial arruntetik kanpo kokatzen den argitaletxe batean agertu da. Eta galdera berehala sortzen da: Zer dela-eta gertatzen da hori? Honelako kasuak ikusita, gero eta gehiago kostatzen zait euskal literaturaren sistema ulertzea.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos