http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

'Henri Michaux: beste aldea', Guggenheim Museoan otsailetik maiatzera

Artista belgikarraren 200 pieza, dokumentu eta objekturen bitartez, hiru ardatz tematiko handiren inguruko ikuspuntu panoramikoa eskainiko du erakusketak

ELCORREO.COM

Guggenheim Bilbao Museoak 'Henri Michaux: beste aldea' izeneko erakusketa aurkeztuko du otsailaren 2tik maiatzaren 13ra bitartean. Artista belgikarraren 200 pieza, dokumentu eta objekturen bitartez, hiru ardatz tematiko handiren inguruko ikuspuntu panoramikoa eskainiko du erakusketak: giza irudia, alfabetoa eta psike aztoratua.

XX. mendeko literatura eta arteetako irudi sailkaezina izan zen Henri Michaux (Namur, Belgika, 1899 - Paris, 1984), eta bere bizitzan zehar garaiko artista eta idazleengan eragin handia izan zuen. 'Poeten poeta' eta 'margolarien margolari' izan zen, eta bi eremuetako figurek laudatu zuten, hala nola Andre Gide idazleak eta Francis Bacon pintoreak.

Paper gaineko milaka obra sortzen jo eta ke jardun zuen, eta lan horien osotasuna ia ez da ezagutzen gaur egun. Bilboko erakusketa Parisko Michaux artxibategiekin elkarlanean antolatu da, eta artistaren 60 urteko sormen jarduera biltzen du, haren laneko sail eta epealdirik garrantzitsuenen bitartez.

Artistaren 200 pieza, dokumentu eta objektu jasotzen dituen 'Henri Michaux: beste aldea' erakusketa hiru ardatz tematiko nagusiren inguruan egituratuko da: giza irudia, alfabetoa eta psike aztoratua. Hain zuzen ere, begirada panoramikoa eskaintzen du horien gainean.

Hiru bloke handi horien artean dauden «paralelismo eta bateratasun formal nahiz materialak» nabarmenduko ditu erakusketak, artistak zientzia, musikologia eta etnografiarekiko zuen interesa azpimarratuz. Michauxen funtsezko sailek presentzia nabarmena dute erakusketa honetan, hala nola hondo beltzak, frottageak, mugimenduak eta marrazki meskalinarrak. Sekula ikusgai egon gabeko artelanak izango dira erakusketan.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos