http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

'Haurgune' eta 'Kidegune' programak prest dira ume bilbotarrentzat

Helburua lan-bizitza eta familia bateragarri egiteko aukera familiei ematea da, seme-alabek ondo pasatzen duten bitartean

IZASKUN MOYANO

Bilboko Udalak gaur itxiko du 2017/2018 ikasturte berrirako 'Haurgune' eta 'Kidegune' haurren aisia-programetan plaza bat eskatzeko epea.

'Haurgune' programa, alde batetik, Bilbon erroldatuta dauden 5 urtetik 8rainoko umeei (2009-2012 urteetan jaioak) zuzenduta dago. Astelehenetik ostegunera bitartean egingo da, 17.30etik 19.30era arte, eta 12 plaza eskaintzen dira zentro eta egun bakoitzean. 'Kidegune' programa, bestetik, Bilbon erroldatuta dauden 9 urtetik 11rainoko neska-mutilentzat (2006-2008 urteetan jaioak) da. Kasu honetan, ordutegia 17.30etik 19.30era artekoa izango da ostiral eta larunbatetan, eta 15 plaza eskaintzen dira zentro bakoitzean.

Udal-programa bi horietan, parte-hartzaileek aukera izango dute adiskide berriak egiteko, bizikidetzarako trebetasunak eskuratzeko eta eskolatik irtetean edo asteburuetan aisialdiaz gozatzeko. Era berean, udal-jarduera horiek garatuz, Udalak lan-bizitza eta familia bateragarri egitea sustatu nahi du.

'Haurguneak' eta 'Kideguneak' Begoña, Irala, Otxarkoaga, Deustu, Zorrotza eta Castañosko udaltegietan eta Zazpikaleetako lokal batean kokatuta daude.

Smart Citizens

Jardueren gaiak ikasturte guztietan aldatzen dira, eta kasu honetan 'Smart Citizens: Bilbo adimenduna eraikiz' goiburupean egingo dira jarduerak. Umeek ikusiko dute jarduera horietan nolako apustu handia egin duen Udalak hirian dauden pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko; bizi-kalitatearen hobekuntza hori teknologia berrien bitartez ere egiten du.

Horrela, bada, urrian ikasiko dute zergatik den Bilbo helmuga turistiko adimenduna. Azaroan, mugikortasunaren hiri barruko hobekuntza hartuko da gaitzat, eta ezagutuko dute zein garraiobide dituen hiriak eta zein aurrerakuntza eskaintzen duen teknologiak garraiobide horiek erabiltzeko: besteak beste, kontsultak telefono mugikorraren bidez egitea, informazio-panelak jartzea eta telefonoa hiri-autobusean kargatzea. Eta abenduan ezagutuko dute zeintzuk diren hiriko auzoak eta nola den auzoa hiri adimendun baten bihotza eta udaltegia bere 'udal' txikia.

Haur- eta gazte-eremuko udal-eskaintza osoan bezala, Bilboko Udalak batez ere euskaraz eskaintzen ditu programak, eta ingelesezko jarduera batzuekin osatzen ditu.

Fotos

Vídeos