http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Hastear dira Olagibelen omenezko ekimenak, hil zeneko bigarren mendeurrenean

SERGIO EGUÍA

Alkateak xafla bat desestali du Andre Maria Zuriaren plazatik Plaza Berriko sartzeko arkuan, lagun zituela Kulturako zinegotzi Estíbaliz Canto eta Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeko lehendakari Luis Gómez Puente. Ekitaldia Gasteizko Udalak eta elkargo profesionalak Justo Antonio Olagibel arkitekto gasteiztarra hil zeneko bigarren mendeurrenaren harira prestatu duten programazioan kokatzen da. Gaur aurkeztu dira jarduerak, eta urriaren 1era arte jarraituko dute.

Gorka Urtaranek azaldu du oroimen-ekimena aukera aparta dela euskal arkitekto neoklasiko nabarmenena –eta nazioartean ondo aintzatetsia– omentzeko. Alkateak hiriaren esker ona agertu du, arkitektoaren talentuak hiriari eman dion guztiagatik, besteak beste Arkupeak, Plaza Berria, Armentiako Santuaren Etxea, Brigidatarren komentuaren ataria, eta Arriagako elizako kanpandorrea.

Olagibel maisu-lan baten sarbideetako batean paratutako xaflarekin lortu nahi da gasteiztarrak zein bisitariak monumentu-multzo horren garrantziaz ohartaraztea, arkitektura neoklasikoko adierazlerik onena, eta gerora Donostia eta Bilbon egin zirenen eredu. Espainia plaza ere deitzen den hori 1781 eta 1790 urteen artean egin zen, gerora hiriak hegoaldera egingo zuen hedapenaren abiapuntu gisa. Badu beste berezitasun bat, bera izan baitzen hiriko harresietatik kanpo egin zen lehen eraikina. Monumentu historiko-artistiko izendatu zuten 1984an.

«Lan honi eta beste batzuei esker, Olagibel bere garaiko arkitekturaren erreferente bihurtu zen; berak sartu zuen Euskal Herrian neoklasikoa berria. Adituen arabera, plaza hau Europako nabarmenenetakoa da, estilo horretakoen artean. Gainera, jarraian egin zituen Arkupeekin batera osatzen duen multzoak Erdi Aroko hirigunea eta XIX. mendeko zabalgunea elkarren artean lotzeko konponbide aparta da», esan du alkateak.

Bestalde, Kulturako zinegotzi Estíbaliz Canto eta Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeko lehendakari Luis Gómez Puentek datozen hilabeteetarako antolatu den ekitaldi-programa aletu dute. Bihar bertan, aintzatespena egingo zaio arkitekto eta urbanistari, haren azalean sartuko den Juanjo Monago aktorearen eskutik. Otsailaren 19an eta 20an hitzaldi-zikloa egingo da Goiuri jauregian, parte hartuko dutelarik arkitektura alorreko zenbait adituk eta Álvaro Arbina idazleak.

Otsailaren 24an eta 25ean Olagibel eta haren lanaren elementu nagusiei buruzko bisitaldiak egingo dira, bai gidatuak bai antzeztuak. Turismo Bulegoan erreserbatu daitezke horietan parte hartzeko lekuak. Apirila eta ekaina bitartean argazki eta agiri erakusketa bat egongo da ikusgai Montehermoso kulturunean, Olagibelen Gasteiz izenpean. Irailean, erakusketa Zabalganeko gizarte-etxean izango da.

Era berean, Aire Zabaleko XII. “Vitoria-Gasteiz” Pintura Lehiaketaren gaia Olagibelen figura eta obra izango da. Margolan onenekin eraakusketa ibiltaria osatuko da, zeina Pilarreko, Salburuko, Ibaiondo eta Hegoalde gizarte-etxeetan erakutsiko den. Programa amaitzeko, eta Arkitekturaren Nazioarteko Egunaren harira, Elkargoak Gasteizko ondare arkitektonikoari Olagibelek eginiko ekarpenari eskainiko dio eguna.

Horiez gain, Estíbaliz Cantok datozen hilabeteetan Udalak mendeurrenaren harira burutuko dituen beste bi jarduera osagarri aipatu ditu. Batetik, Udalak liburu txiki bat argitaratuko du, artistak Gasteizen eta Arabako gainerakoan egindako lan zibil eta erlijiosoak jasoko dituena. Bestalde, haurrentzako denbora-pasak bilduko dituen koaderno bat argitarako du, bertan agertuko diren lan guztiei buruzko azalpen xume banarekin.

Xafla desestali ostean, ohorezko aurreskuarekin eman zio amaiera ekitaldiari, betiere Udalbatzako eta Arkitektoen Elkargoko beste kide batzuen aurrean.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos