http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Hamasei taldek lehiatuko dute Getxoko 72. Zirkuituan-Ricardo Otxoa 17. Memorialean

Proba 9:30ean hasiko da eta 13:30 aldera amaitu, eta 170 kilometrokoa izango da Getxo, Berango eta Leioan zehar

ELCORREO.COM

Nazioarteko mailako hamasei taldek hartuko dute parte bihar egingo den Getxoko 72. Zirkuituan (Ricardo Otxoa 17. Memoriala). Ekimena Punta Galea Txirrindulari Elkarteak antolatzen du Getxoko Udalaren lankidetzarekin eta beste instituzio eta babesle batzuekin batera. Proba 9:30ean hasiko da eta 13:30 aldera amaitu, eta 170 kilometrokoa izango da Getxo, Berango eta Leioan zehar. Aurreko urteetan bezala, irteera eta helmuga Getxoko epaitegien aurrean egongo dira; beraz, Ereagako hondartzatik barrena gora igoaz iritsi beharko dute, eta ikuskizuna bikaina izango da.

Lasterketa osoa, eta zuzeneko irudirekin, ikusi ahal izango da (streaming-en bidez) Udalaren kirol webgunean (www.getxo.eus/kirolberri).

Txirrindularitzarekin hitzorduak duen maila eta gainera San Inazio jaiekin duen ohitura nabarmendu ondoren, Imanol Landak, Getxoko Alkateak, hauxe gogoratu du: «Lasterketarako txirrindularitza-elkarteak ateratzen duen aldizkarian, aurten azpimarratu nahi izan dut txirrindularitzak berreskuratu duen goren maila eta kluba azken urte hauetan harrobian burutzen ari den lan izugarria. Oinarrizko eskola gehitzen ari da, eta gero eta gehiago dira gure udalerrian eta gure herrialdean oso maitatua den kirolaren aldeko interesa duten haurrak. Txirrindularitzari emandako bultzada nahiz Punta Galea Txirrindularitza Elkarteak eta Durangoko Txirrindulari Elkarteak Sub 23 Elite taldea aurrera ateratzeko aurkitu duten lankidetzako formula kirola kudeatzeko adibide ezin hobeak dira, eta agerian uzten dute kirol horrekin loturiko gure elkarteen izaera berritzailea eta geldiezina».

Bere aldetik, Joseba Arrizabalagak, Punta Galea Txirrindulari Elkarteko presidenteak, Udalari eta babesleei beren laguntza eskertu die, eta azaldu du zirkuitoak ibilbide berbera izango duela, azken kilometroa eta igoera nabarmenekin. Aldi berean parte hartuko duten taldeak eta zirkuitoaren beste ezaugarri batzuk ere zehaztu ditu. «Esan, MoviStar etxeko txirrindularia, Jonathan Castroviejo, ekarriko duela eta baita Barbero ere, beste batzuen artean, baina nik ez nintzateke fijatuko izenetan baizik eta oso ikuskizun ona eskainiko duten sei talde profesionalen partaidetza izango dela», adierazi du Arrizabalagak.

Taldeak eta ohorezko zuzendaria

Edizio honetan ondorengo taldeek hartuko dute parte: MoviStar, Armee de Terre, Caja Rural Seguros RGA, Dare Viator Partizan, Sport Vlaanderen Baloise, Delko Marseille Provence KTM, Fortuneo Oscaro, Kuwait Cartucho, Euskadi Basque Country Murias, Manzana Postobon Team, Nippo Vinni Fantini, Burgos BH, Unieuro Trevigiani Hemus 1896, Kuwait Massi eta Team Ukyo.

Aurten, lasterketaren ohorezko zuzendaria Arsenio González izango da, 1996ko edizioan irabazle izandakoa. González profesional moduan ibili zen 1983tik 1998ra bitarte Kelme, Teka, Clas Cajastur eta Mapei bezalako ekipoetan. Horiekin banako bost garaipen lortu zituen, eta Espainiako 11 Buelta, Italiako 3 Giro eta Frantziako 7 Tourretan parte hartu zuen.

Getxoko nazioarteko txirrindularitza probaren aurrekontua 75.000 eurokoa da, eta 14.500 bat euro banatuko ditu sarietan. Proba Nazioarteko Txirrindularitza Elkartearen (UCI) egutegian mantentzen da.

Zirkulazio neurriak

07:00etan Arriluzeko kaiarako eta Ereagako hondartzarako zirkulazioa itxiko da, baimendutakoentzat izan ezik, 14:30ak arte.

8:30etatik 14:30era, gutxigora behera:

Zirkulazioa eteko da Alango kalean, Foru eta Martikoenak aleen artean.

Euskal Herria kaleko trafikoa moztuta egongo da autobiaranzko noranzkoan.

Los Chopos etorbidea (makaletakoa) norabide bakarrekoa izango da, Plentzia-Bilbo noranzkoan, Berangoko Eroskitik Erromoko biribilguneraino, eta debekatuta egongo da Bilbo-Plentzia noranzkoan.

Bilbotik Getxorantz “Abanzadatik” datorren trafikoa, Fadura-Iturgitxi atzetik desbideratuko da, eta Berangora irten.

Algortatik Berangora joateko, Simon Otxandategi Etorbidetik egin beharko da, eta Kurtxe auzora, Azkorritik.

Zugazarteko Etorbidean, trafikoa moztuta egongo da, bi noranzkoetan, lasterketa osoan zehar.

EuskoTreneko autobusen ibilbidea goizean aldatu egingo dute. 9:00etatik 13:30era Txakurren Zerbitzuak animaliei lotutako segurtasuna zainduko du.

Antolatzaileak metroz hurbiltzeko eskatzen du eta uztailaren 30eko 24:00etatik ez aparkatzeko aipatutako kaleetan.

Zirkuituari buruzko informazio gehiagorako: www.puntagalea.com.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos